Domekan, hilaren 16an, ospatuko dute Debagoieneko eta Debabarreneko elkarteek odol emaileei eskerrak emateko urteroko bazkaria, Elgetan. Debagoienetik Elgeta, Bergara, Antzuola eta Oñatiko ordezkariak batuko dira, eta Debabarrenetik, Motriko, Mendaro, Elgoibar eta Eibarkoak.
Zilarra, urrea eta berezia
12:00etan meza entzungo dute; 13:00etan domina-banatzea egingo dute eta gero, bazkaria, Espaloia kafe antzokian.
Dominak banatzeko ekitaldiari dagokionez, Bergarako 28 lagunek jasoko dute domina: 16ek, zilarrezkoa (25 emate) 11k, urrezkoa (40 emate emakumezkoetan 50 gizonezkoetan) eta Pedro Bengoak, Espainiako Odol Emaileen Federazioak ematen duen emaile nagusiaren domina jasoko du. Domina hori 75 emate baino gehiago egin dutenek jasotzen dute eta Bengoak 80 egin ditu.
Oñatiarren kasuan, 24 domina jasoko dute: 12k, zilarrezkoa jasoko dute eta 10ek urrezkoa. Horrekin batera, Jose Luis Etxeberriak(75 emate) eta Fuente Ferreirok (77 emate) emaile nagusiarena jasoko dute.
Antzuolako emaileei dagokienez, lau lagunek jasoko dute domina: bik, zilarrezkoa eta beste bik, urrezkoa. Elgetakoen kasuan, bi emailek zilarrezkoa jasoko dute.