Beasain-Bergara ez atzeratzeko eskatu dio EAJk Foru Aldundiari

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 7a

Debagoienaren garapenerako "oinarrizko azpiegitura" dela uste dute. Mozioak aurkeztuko dituzte udaletan "Aldundiak obra hori atzera ez dezan".

Larraitz Ugarte Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak aurreko astean azaldu zuenez, Urretxu eta Bergara arteko errepide tartea egiteko lanak atzeratu egin litezke. 70 milioi bideratu beharko lituzke lan horietara, baina egoera ekonomikoa aintzat hartuta, atzeratu litezkeen obretako bat da. Hala ere, zehaztu zuen, atzeratzeak ez duela esan nahi ez direnik legealdi osoan egingo eta gehitu zuen herri afektatuetako alkateekin berba egingo dutela erabakirik hartu aurretik.  

EAJk ez du atzerapenik nahi

EAJko batzarkide taldeak eta Goierriko zein Debagoieneko erakundeetako ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur, egubakoitza, Aldundiaren asmoa salatzeko. Markel Olano jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen esanetan, "Beasain eta Bergara arteko autobia ezinbestekoa da Gipuzkoako gaitasun handiko errepide-sarearentzat; izan ere, Gipuzkoako biribilgunearen hegoaldeko zatia amaitutzat ematen da, eta lurraldearen barnealdeko eskualdeen lotura nabarmen hobetuko da". Eta zera eskatu dio Aldundiari: "Ez dezala gelditu Goierriko zein Debagoieneko herritarrentzat hain garrantzitsua den azpiegitura". Helburu horrekin, ebazpen-proposamena aurkeztu dute Batzar Nagusietan. Eta berean, udal guztietan mozioak aurkeztuko dituztela ere azaldu du Goierri eta Debagoieneko ordezkarien izenean, Aintzane Oiarbide Bergarako EAJko zinegotziak. Eta gehitu du: "Eskualdearen garapenerako oinarrizko azpiegitura da".

Alkateen iritzia

Errepidea igarotzen den bailarako bi herrietako alkateei galdetuta, Bergarako Jesus Elortzak errepidearen balizko atzeratzea "Bergara zein Debagoiena osorako albiste txartzat" jo badu ere, ulertu ere egiten duela gehitu du, "bizi garen krisi garaia" kontuan hartuta. Eta azaldu du: "Duela bi aste Aldundiko ordezkariekin egon ginen eta dauden egoera ekonomikoa berri eman ziguten eta benetan kaskarra da". Hala ere, errepidearen harira "itxaropenari atea zabalik" laga diotela ere azpimarratu du: "Oraindik birplanteatzen dihardute, ez da erabakita dagoen gauza bat", esan du.

Inma Beristain Antzuolako alkatearen esanetan, "duela 20 urte eginda egon beharko litzatekeen bidea da, herrian egin nahi dituzten hainbat proiektu baldintzatzen dituelako: bidegorria, kolektorea Bergararekin konektatzea...
Foru Aldundiko ordezkariekin egon berri direla ere gehitu du eta zera azaldu du: "Errepide hori peajearekin aurreikusita dagoen arren, Aldundia ari da aztertzen, banketxeekin berba egiten, peajerik bareko finantziazio bideak. Hori da Aldundiak nahiko lukeena. Peajerik gabeko errepidearen aldekoa da, baina ezin dute ezer deskartatu. Bidegik errepide hori peajearekin dauka hitzartuta bankuekin eta hori guztia aztertzen dihardu Aldundiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak