"Ideia sortu zen orain momentuan gazte mailan ditugun hainbat ziklistek datorren urtean ezingo dutelako kategoria horretan jarraitu, afizionatu mailan korritzeko adina izango dutelako. Baina, afizionatu mailan taldeak desagertzen ari dira [Naturgas eta Seguros Bilbao batu egingo dira, eta Belca eta Galdiano desagertu], eta guk aukera bat eman nahi diegu gazte horiei, merezi dutelako", adierazi digu Dorletako Amako presidente Isaak Kortabarriak.
Aukerak eman ziklismoan jarraitzeko
Hain zuzen, asmo horrekin sortu zituzten duela hamarkada bat pasatxo Debagoienean izan genituen afizionatu mailako bi taldeak, Born-Jay (Arrasate) eta Ulma-Cegasa (Oñati). Baina, saltoa berriro emateko Dorletako Amak orain artekoa baino aurrekontu handiagoa behar du, eta oraindik ezer aurreratu ezin badaiteke ere, enpresaren batek erakutsi du ibarreko txirrindularitza bultzatzeko interesa. Afizionatu mailan lehiatzeko taldeek gutxienez hamar txirrindulari behar dituzte: "Dagoeneko baditugu sei ziklista inguru, baina hori ez da arazoa, Debabarrena taldeko zuzendariak esan digulako euren taldeko hainbat txirrindulari gurera etor daitezkeela. Asmoa da ibarreko edo inguruko txirrindulariak izatea gurean".

Hain zuzen, joan den astean aurreratu genuen Lokatzako Mikel Aristi, Hodei Orobengoa eta Eneko Lizarralde Eibarko taldera joango direla: "Bergarakoekin ere egon gara berbetan, eta asmoa da talde hau Debagoiena osora zabaltzea, bertako txirrindulariek afizionatu mailan non korritu izan dezaten". Izan ere, orain momentuan eskualdeko txirrindulariek ez dute goragoko talde baten erreferentziarik, Dorletako Amak, Lokatzak edota Aloña Mendik ez dutelako gazte mailatik haratago inongo ordezkaritzarik.
Born-Jay eta Ulma-Cegasa
Esan dugu azken hamarkadan ibarrean afizionatu mailan ez dela talderik egon, baina duela 10-15 urte urte egoera bestelakoa zen. Arrasate Txirrindulari Elkarteak 1996an sortu zuen afizionatu mailan taldea, eta hurrengo urtean taldeak Born-Jay izena hartu zuen –babesleen izenak ziren horiek. Hala, 1997an ibarreko bederatzi txirrindulari batu zituen talde horrek: Arrasateko Gorka Valgañon, Oscar Estevez, Jose Sedano, Zuhaitz Herrero; Bergarako Jon Unamuno; Aretxabaletako Iban Sastre –profesional izan zen; Eskoriatzako Sergio Frutos; Elgetako Oskar Askasibar eta Oñatiko Jose Ramon Aiastui. Aipagarria da, baita ere, Born-Jay taldea errepidean egon zen bitartean eskualdeko 22 ziklista pasa zirela bertatik –guztira 45 ziklista.
Gazteei aukera emateko asmoz sortu zuten taldea, baina konturatu zirenerako lasterketetan aurrean zituzten hainbat txirrindulari. Gogoratzekoak dira, besteak beste, 1997an Iban Sastre aretxabaletarrak Segovian lortutako garaipena, edota Oskar Askasibar elgetarrak, 1998an, Lemoizen lortutakoa.
Profesionaletara iritsi zirenak |
|
Born-Jay (lehenago Arrasate Txirrindulari Taldea) eta Ulma-Cegasa ibarreko ziklistei aukera bat emateko asmoz sortu zituzten, baina profesionaletara iritsi ziren hainbat ziklistendako eskola apartak bilakatu ziren. Hala, Born-Jay taldean egon ziren Anjel Blazquez, Jon del Rio, David Sojo eta Iban Sastre (Aretxabaletakoa) profesional izatera iritsi ziren. Ulma-Cegasa ere gazte mailako ziklistez osatu zuten lehen urtean (1999) eta Iban Velasco eta Markel Irizar eskola horretakoak dira. Bi talde horiek urtebete baino ez zuten egin errepidean elkarrekin, Born-Jay desagertu egin zelako. Ulma-Cegasak beste pare bat urte iraun zituen. |
1999-2000 denboraldian, berriz, Oñatin Ulma-Cegasa izeneko taldea sortu zuten, gazte mailatik igotako ziklistaz osatuta, eta aurrekontu politaz, gainera. Hala, lehen urtean ibarreko lau ziklista izan ziren: Oñatiko Jon Altube eta Markel Irizar (RadioShack); Arrasateko Iban Velasco (Euskaltel) eta Aretxabaletako Asier Atxa. Hala, denboraldi hartan Debagoieneko zortzi txirrindulari izan ziren bi talde horietan (beheko argazkietan). Eta hori da asmoa, oraingoek ere aukera izatea, alegia.

Argazkian daude, goitik hasita ezkerrean: Asier Atxa (Aretxabaleta), Jon Altube (Oñati), Markel Irizar (Oñati), Iban Velasco (Arrasate); behean, Iñaki Llodio (Arrasate), Oskar Askasibar (Elgeta), Xabier Beitia (Leintz Gatzaga) eta Aitor Larrea (Antzuola).