Ez da ezer falta Kantari karaoke ikuskizunarekin bailarako artista txiki baina handiak eszenatokietan ikusteko. Asteburuan Amaia antzokian izango gara Arrasate eta Aramaioko artistek egiten dutenaz gozatzeko asmotan. Eta ondoren, Oñati, Bergara eta Aretxabaletan izango gara, herriz herri Kantari, ondo pasatzeko asmotan.
839 artista
Kantariko hirugarren edizioan parte hartzera bailarako 839 gaztetxo animatu dira, 8 eta 12 urte bitartean dituzte guztiek, eta hiru eta bost pertsona bitarteko 198 talde osatu dituzte. Guztiek euskal kantuak abestu eta dantzatuko dizkigute; Kantarin aski ezagunak egin diren Oskorriren Furra furra, Zaramaren Iñaki, Ken 7ren Ilargia... Horiez gain, abesti berriak ere izango ditugu aurtengo ikuskizunean; Lain taldearen Itxaropen hautsien kaxa, Gatiburen Prest eta The Uski´s taldearen Gabero zu barik, besteak beste.
Berrikuntzak: 'backstage'-a
Aurtengo berrikuntzetako bat koreografien bideoak izan dira; horiek Zugaz-en eta YouTube-n daude. Baina hori ez da berrikuntza bakarra; taularen atzeko aldean gertatzen dena ikusi ahal izango dugu aurtengo saioetan. Backstage-ean gertatzen denaren berri ematen izango da gainera Aitor Agiriano eskoriatzarra. Berak, parte hartzen duten gaztetxoen inpresioak jasoko ditu, beraz, euren ikuskizuna egin ostean kontatuko digute ea nola moldatu diren eszenatokian, lagunak eta gurasoak bertan zeuden, animo asko jaso dituzten...
Talde bakoitzak bere ikuskizunaren aurretik gainera, Amaia Txintxurreta aurkezleak egindako pare bat galderei erantzungo die eta euren kantuaren ondoren, esan moduan, backstage-ean Agirianok taula gainean nola sentitu diren galdetuko die gaztetxoei euren esperientziaren gaineko adierazpenak hartzeko.
38 saio ekoiztuko ditugu
Guztira 38 saio ekoiztuko ditu Goiena telebistak Kantarirekin; hamarna Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan eta zortzi Oñatin.
Arrasateko saioetan bertako gaztetxoez gain, Aramaiokoak ere izango dira. Bergarako ikuskizunetan Antzuolako gazteak ere hartuko dute parte eta Aretxabaletakoetara eskoriatzarrak ere joango dira.
Lekuak, egunak eta orduak
- Arrasaten, Amaia antzokian urriaren 8an eta 9an arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
- Oñatin, Gaztelekuan urriaren 15ean eta 16an arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
- Bergaran, Zabalotegin azaroaren 5ean eta 6an arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
- Aretxabaletan, Arkupen azaroaren 12an eta 13an arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Saioak ikusteko
Herri guztietako aretoetara joan ahal izango dira parte hartzaileen lagunak, gurasoak, anai-arrebak, aiton-amonak... gaztetxoak nola egiten duten ikustera eta animatzera. Beraz, guztioi animatzen zaituztegu zuen herrietako artista txiki baina handiak animatzera joateko.
Salbuespena izango da Aretxabaletan. Arkupeko ikuskizunetara joateko gonbidapena beharko da aretoaren ikus-entzule kopurua mugatua delako. Horregatik, Aretxabaleta eta Eskoriatzako saioetan parte hartuko duten gaztetxo bakoitzari hiruna sarrera banatuko zaizkie ikuskizun eguna baino lehenago, eta horiez gain, sarrera gehiago lortu nahi izanez gero, aukera egongo da ikuskizun egunean bertan Arkupeko sarreran saioak hasi baino lehenago gonbidapenak lortzeko.
Emisioak telebistan
Saioak Goiena telebistan emititzen urriaren 17an hasiko gara. Astelehenetik egubakoitzera egunero ikusi ahal izango dira 19:15ean eta saioak errepikatu egingo ditugu hurrengo eguneko 13:30ean. Zapatu eta domekatan, berriz, aste guztian zehar eman ditugun saio guztiak eskainiko ditugu, etxean guztiak kantuan eta dantzan jartzeko.