Fitch agentziak nota txarragoa eman dio EAEri

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 6a

Euskal Autonomia Erkidegoari AA nota eman dio Fitch kalifikazio agentziak, orain arte zuen AA+ baino txarragoa. Aurreikuspenak txarrak dira epe motzerako, baina hobeak epe luzerako.

 

Fitch Ratings agentziak atzo kaleratu zuen EAEren gaineko analisia. Barne ekonomia eta kanpora begirakoa aztertu ditu.

Kalifikazioa okertu egin dio zergetan "oraindik eskas" ibili delako, eta balantzeak negatiboak izan direlako 2009an eta 2010ean, "defizit nabarmenekin", dio txostenak. Fitch-ek "aintzat" hartzen du erkidegoak "neurri esanguratsuak" hartu izana gastua kontrolatzeko, baina "bereoneratze ekonomikoa oraindik ahula da, eta horrek zerga bilketa hobetzea mugatu egingo du", baloratzen du agentziak.

Aurreikuspenak ere txarrak dira, bai epe laburrean, bai epe ertain eta luzean. Izan ere, Fitch-en esanetan, ekonomiaren hobekuntza "oraindik oso makala da".

"Ekonomia indartsua da"

Baina balorazio oso onak ere baditu EAEko ekonomiak. Espainiakoarekin eta Europako Batasunekoarekin konparatzen du Fitch-ek, eta esaten du "ekonomia indartsua" duela eta bere hazkunde ratioa ona dela, Espainiaren eta Europako Batasuneko batez bestekoa baino "nabarmen" hobea.

"Bere langabezia tasa, %11,6 ekainean, Espainiako txikiena da, eta Espainiako batez bestekoaren erdia (Espainia: %20,9)", azpimarratzen du Fitch-ek. "Esportazioetan asko zentratzen denez, EAE Espainiaren osotasuna baino azkarrago osatzen da. Datozen hiru urteotan, EAEren BGP Espainian inoiz baino gehiago handituko da, baina iraganean baino nabarmen geldoago", esaten du txostenak.

Etorkizunean, fiskalitatea "modu apalean" hobetuko dela uste du Fitch-ek. Oso har, 2013 bukaerarako, 2009an eta 2010ean izandako emaitza negatiboak gainditu eta EAEk %7,5eko diru-sarrerak "izan beharko lituzkeela" uste du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak