Jaurlaritzak berme guztiak dauzka 4.000 etxebizitza errentan ipintzeko

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 6a

Eusko Jaurlaritzak 4.000 etxebizitza gutxienez 20 urtez alokairurako jarri ahal izateko egin nahi duen kontratu mistoaren legezkotasuna bermatzen duten hiru txosten juridiko dauzka. Txosten juridiko horien arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du Eusko Legebiltzarraren baimenik behar eragiketa egiteko.

Etxebizitza Sailak babestutako etxebizitza-parkea handitzeko ahaleginari eutsiko diola agindu du. Horrela, Eusko Legebiltzarrak, apirilean izandako etxebizitzari buruzko osoko bilkura monografikoan, kontrako botorik gabe, onartu zituen hainbat ebazpenetan agindutakoa beteko du; izan ere, ebazpen horien bidez, Jaurlaritzari eskatu zitzaion, alokairuko etxebizitza gehiago izateko, inbertsio- edo pentsio-funtsekin negoziatzeko eta lankidetza publiko-pribaturako formulak bilatzeko.

Alokabide eta Visesa saneatu

Ekimen publiko eta pribatuko eragiketa horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean eta 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean hartutako konpromisoen haritik, salmentako diru-sarrerak esku publikoetara pasatzea lortuko da, baita etxebizitza horiek alokairuan egoteko epea handiagotzea ere, gutxienez beste 20 urtez egongo baitira alokairu-merkatuan.

Era berean, Alokabide eta Visesaren kontuak saneatuko dira eta bere eginkizunarekin jarraitu ahal izango dute. Alokabideren kasuan, alokairu publikorako etxebizitzak kudeatzen jarraituko du. Gainera, 4.000 etxebizitzak merkatu babestuan jarraituko dute "betirako", agindu du Sailak.

Eusko Jaurlaritzak "tamalgarri" gisa jo du Eusko Legebiltzarreko alderdiek ez babestu izana "etxebizitzen parkea handitzeko beharrizanari erantzuteko formula berrien" bilaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak