Udalen finantzaketa fondoa igotzea proposatu du Aldundiak

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 5a

Gipuzkoako Foru Gobernuak udalentzako Foru Funtsa -udalek euren jarduna finantzatzeko duten tresna nagusietako bat- puntu bat igotzeko proposamena egin du gaur Batzar Nagusietan. Martin Garitano diputatu nagusiak horretarako konpromisoa publikoki hartu du Foru Gobernuaren izenean.

Proposamenaren arabera, 2012erako udalendako foru fondoa %0,5 handituko da, %57,5ean kokatuz, eta 2013erako fondoa, beste %0,5. Neurri horrekin konprometitu da Foru Aldundiko Gobernua, eta orain proposamena Batzar Nagusietara eramango dute, hark erabakia har dezan. "Erabaki honekin, Foru Aldundiaren Diru Funtsa puntu bat jaitsiko litzateke, udalen onurarako", azaldu du diputatu nagusiak.

Portzentajeak adierazten du udalek Gipuzkoan zerga bidez batu den dirutik zenbat jasotzen duten. 2008az geroztik, %57 da portzentaje hori. Azkenaldian egon dira eskaerak berau handitzeko: hala, joan den uztailean Gipuzkoako PSE-EEk hiru puntu handitzea eskatu zuen.

Udal asko, "muturreko egoeran"

Foru Gobernua Gipuzkoako udal ordezkariekin bildu zen joan den astean. Foru Aldundiaren eta udalen egoera ekonomikoaz jardun zuten, eta, udalen egoera "larria" dela agerian geratu zen, Garitanoren hitzetan. "Herritarrengandik gertuen dauden erakunde publikoak krisia pairatzen ari direla agerikoa da, eta asko muturreko egoeran daude, gainera", esan du.

Arazo honen konponbiderako, ahaldun nagusiaren iritziz, "Udal Legearen eta Ekarpen Legearen aldaketa behar da, eta horretarako, Euskal Herriko eragile politikoen eta instituzioen akordioa beharrezkoa da".

"Hala eta guztiz ere, akordio horien zain egon gabe, Foru Gobernuak iniziatiba hartzea erabaki du, udalen egoera larria dela jakinda", esan du Martin Garitanok.

Aldaketa hau gauzatzeko, Foru Gobernuak udalak finantzatzeko Foru Funtsaren 15/1994 Araua aldatzeko proposamena eramango du Batzar Nagusietara. Proposamen honen helburua udalei dagokien Funtsaren portzentajea %1 igotzeko da alde batetik, eta bestetik, Funtsaren banaketaren baitan aldaketak egitea, udalen arteko banaketa irizpideak ere aldatzea, alegia.

Beraz, udalak finantzatzeko Foru Funtsaren 15/1994 Foru Arauaren "aldaketa sakona" proposatuko du Foru Aldundiak.

Udal Legea aldatzea

Edozein modutan, Foru Aldundiarendako, urrats hori "garrantzitsua" izan arren, ez da nahikoa: erakundearen iritziz, "funtsezkoa da udalentzako lege propio bat onartzea Ekarpen Legearen aldaketak gehituz". Horregatik, gainerako instituzioei, eta bereziki Jaurlaritzari, "arduraz jokatzeko" eskatu die Foru Aldundiko gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak