Euskal Administrazioetako Bikoiztasunei eta Inefizientziei buruzko Txostenak 13 politika publikoko sorta baten bikoiztasunak eta inefizientziak aztertu ditu, lehendakariaren Sozioekonomia Gaietarako Aholkularitza Batzordearen gomendioz eta Legebiltzarraren aginduz. Politika horiek honako hauek dira:
1. Gizarte zerbitzuak
2. Enplegua eta prestakuntza
3. Sustapen ekonomikoa (Industria, 3i+b eta Merkataritza)
4. Garraioak
5. Etxebizitza
6. Ingurumena
7. Nekazaritza eta arrantza
8. Hezkuntza, Unibertsitateak eta Heziketa.
9. Kultura
10. Gazteria eta Kirola
11. Turismoa
12. Osasuna eta Osasun Publikoa
13. Polizia
Inefizientzien azterketa aipatutako politika guztiak kontuan hartuta egin dute, baina bikoiztasunen identifikazioa eta zenbatzea lehen bederatzietara mugatu da, "konplexutasun handiagoa aurkezten baitute eskumenei dagokienez", Lehendakaritzaren esanetan.
Jaurlaritza, Aldundiak eta bederatzi herri
Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta 9 euskal udalerri (EAEko hiru hiriburuak eta Barakaldo, Getxo, Portugalete, Laudio, Errenteria eta Irun) ordezkatzen zituen lagin baten, legea, aurrekontuak eta informazioa aztertu da. Bere aldetik, "Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek azterketa eta kontraste prozesu honetan parte hartzeko, Lehendakaritzak 2011ko maiatzetik hauteskundeen gertutasuna zela eta, behin eta berriro luzatu zien gonbiteari uko egin zioten", esaten du Lehendakaritzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Garraioen Politikari lotutako galdetegi bidezko formularen bitartez baino ez du parte hartu.
Txostenean identifikatutako bikoiztasunak hiru euskal administrazioek oinarrizko eta sektoreko legearen laguntzarik gabe garatzen dituzten jarduerak dira. Eta diagnostikoak ez du zalantzarik uzten: "Hiru euskal administrazioek bikoiztasunetan erori egiten dira", esaten du txostenak.
Bikoiztasun gehien Foru Aldundiek egiten dute (guztien erdiak); gero, Jaurlaritzak (%30), eta aztertutako udalek, gainerako %20ak.
Bestalde, identifikatu diren bikoiztasun guztien %93 aztertu diren 13 politiketako lau jarduketetan biltzen dira: ekonomia sustatzeko politiketan (Industria, 3i+b eta Merkataritza), identifikatutako bikoiztasunen %31 egiten da; Gizarte Zerbitzuetako politiketan, %28; Enplegu eta Prestakuntzan, %17; eta Garraio politiketan, beste %17.
Bikoizketa horien arrazoiak ere ematen ditu txostenak:
• "Politika eta gizarte zerbitzuen lotura horiek garatzen dituen agentearen ikuspuntutik egiten delako, eta ez herritarrak jasotzen duen zerbitzutik. Zerbitzu publikoak ematerakoan ez dago herritarren aldeko ikuspuntu bat".
• "Gehiago nahi izateagatik daukagun pentsamoldea dela eta, "zenbat eta gehiago, eta zenbat eta gehiagok eginda, hobe" ideia sustatzen da. Honekin, laguntza eta zerbitzuak gainjartzea orokortu da, eskumenik ez daukaten hirugarren pertsonek emanak baitira".
• "Arauarengatik, edota jarduketa publikoaren errealitatetik araua bereizteagatik. Honek, eskumen ereduaren, jarduketa publikoaren eta finantzaketa ereduaren artean ezberdintasunak eragiten ditu".
• "Hainbat esparru eta politikaren erregulazio eza. Honek instituzio maila ezberdinek bikoiztasunetan erortzea eragiten du".
• "Euskadiko Administrazioek herrialde mailako proiektu estrategikoak lantzen dituzte, horien emaitzak eskumenen banaketa zorrotzaren aurretik lehenetsiz".
Donostiako Udalaren aurrekontu osoa
Bikoiztasunen ondorioz, 403 milioi gehiago gastatzen dira. Bada, kopuru berberak erabiltzen dira hauetarako:
• Eusko Jaurlaritzako urte osoko Gizarte Gastua. (Diru-sarrerak bermatzeko Errenta-DBE, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria-EGPO eta Gizarte Larrialdietako Laguntzak-GLL).
• Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren urteko aurrekontua.
• Donostiako Udaleko 2011ko Aurrekontu Finkatua.
• Bilboko Udaleko 2011ko Aurrekontuaren %75.
Etxebizitza kudeatzeko, 17 erakunde
Azkenik, txostenak EAEk administrazio "konplexua" duela onartu eta berau "optimizatzeko erronkari aurre" egin diezaion gomendatzen du. Nondik jo ere aholkatzen du:
• Gaur egun, Euskadin, ekintzaileekin lotutako 250 agente baino gehiago ditugu (publikoak, erdi-publikoak eta pribatuak). "Agentzia eta elkarte sare zabala da, eta ez bada ondo koordinatzen ekintzaileen lana sustatzeko eman beharreko urrats guztiak zaildu eta atzeratu ditzake".
• "Gaur egun enplegu politiketan Agente ugarik esku-hartzeak Enpleguaren prestakuntzarekin, lan-munduan txertatzearekin, Enplegua eta Lan-Bitartekaritzarekin lotutako zerbitzuen prestazioak gainjartzea eragiten du. Agente hauek ez daukate jarduketa hauetarako eskumenik".
• "Agente hauen esku-hartzeek, gainera, administrazio egitura gehiegi egotea dakarte Enplegu eta Prestakuntzan, lotutako zerbitzuen planifikazioan, prestazioan eta segimenduan, herritarrei, euren esku jartzen diren baliabideen ulertzea eta ezagutza zailduz".
• "Gizarte Gaietan, hainbat administraziok esku-hartzen duten zerbitzuen diseinuak bere prestazioa zailtzen dute, Administrazioen aurrean erantzun denbora luzatzen dute, agenteen arteko koordinazio beharra handitzen dute, zerbitzuen benetako kostuak zeintzuk diren jakitea zailtzen dute eta herritarrek beharrezko dituzten zerbitzuen planifikazioa eta aurrekontuak bereizten ditu; honek guztiak baliabideen kopuruen esleitzeari eragiten diote".
• "Lur eta etxebizitzen promozio eta kudeaketari zuzendutako egitura publikoen ugaritzea. Zehatz-mehatz, politika honetan 17 erakunde instrumentalek hartzen dute parte".
• "Etxe eskatzaileen eta etxebizitza zozketen (Udaletako datu baseak eta Etxebide) datu baseen aldiberekotasuna".
• "Eskumenen zatiketa bat dago garraio politiketan, maila administratibo bakoitzak eskumenak dituelako garraiobide ezberdin batean".
• "Ingurumen politikak garatzen dituzten 21 zuzendaritza organo eta 20 kudeaketa organo daude".
• "Euskadin ez dakigu zenbat udaltzaingo dauden gure lurraldean. Nahiz eta Udaltzaingoen Koordinazio Zuzendaritzatik, kide guztiak barne hartuko dituen Udaltzaingoen Erregistro baten sorreraren alde lan egiten ari den. Gainera, gai hau datozen hilabeteetan konponduko da, Euskadiko Segurtasun Legearen proeiktuaren onartzearekin".
• "Nekazaritza politikaren betaraztea zatikatuegia den arautegi batek mugatua dago. Egun ez da politika bat lantzen era integratu batean, produkzioa aldundietatik eta merkaturatzea alor autonomikotik lantzen baita".
• "Mendiei dagokienez, egoera antzekoa da, baso masaren ulertzearen arabera, hainbat Administraziok esku-hartzeko lege-babesa baitaukate".