Estatistikako Institutu Nazionala Biztanleria eta Etxebizitzen 2011ko errolda osatzen hasi da. 10 urtean behin egiten duen eragiketa estatistikoa da –azkena 2001ean egin zuten– eta etxebizitzen eta bertan bizi diren pertsonen ezaugarriak batzen dira.
Derrigor erantzutekoa da
Errolda hori osatzeko, laginketa egin dute eta horretarako Espainia osoko 3 milioi inguru etxebizitza hautatu dituzte. Informazioa batzeko, berriz, galdetegi batez baliatuko dira, eta etxebizitzari zein han bizi diren pertsonei buruzko galderak izango dira.
Errolda eguneratzeko lanok Europako Parlamentuaren eta Europako Batasuneko Araudiaren agindupean egingo dira. Hori horrela, derrigorrezkoa da galdetegia erantzutea, hala egokituz gero. Bestalde, datuak erabat isilpekoak izango dira eta sekretu estatistikoak babestuko ditu.
Internetez erantzun
Ahalik eta papel gutxiago erabiltzeko helburuarekin, eta lana arintzeko asmoz, galdetegia Internetez erantzungo da. Laginketan parte hartzea egokitu zaienek, etxean gutuna jasoko dute eta han, galdetegia Internetez erantzuteko erabiltzailea eta pasahitza egongo dira.
Internetez erantzun ezean, hiru edo lau astera, galdetegia, paperezko euskarrian, etxean jasoko dute. Erantzun eta gero gutunean zehazten den helbidera bidali beharko da. Horrela ere ez bada galdetegia erantzuten, urtarriletik aurrera, erroldako agente bat joango da –behar den moduan identifikatuta– etxera galdetegia erantzuten laguntzeko.