Gosari osasuntsuen garrantzia azpimarratuko dute aurten ere eskoletan

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 4a

Bihotz bizi elkarteak bihotz osasungarrietarako gosari egokiaz ohartaraziko du. Aurten, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan egongo dira.

Gosari Bihotz-osasungarrien edizio berria jarri da abian gaur. EAEko 98 ikastetxek parte hartuko dute, eta 10-12 urteko 4.096 ikaslek. Debagoienari dagokionez, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolak hartuko du parte aurten ekimenean. Hori horrela, gosari osasungarrien gaineko azalpenak jasoko dituzte otsailaren 7an Kurtzebarriko ikasleek, horren garrantziaz jabe daitezen. Izan ere, bihotz osasuntsua izatearekin batera, gosari osasungarria hartzen duten neska-mutilek emaitza hobeak lortzen dituzte ikastetxean, euren jarrera hobea da eta sasoi fisiko hobean daude, Europako Loditasunaren Institutu Medikoaren arabera. Berbaldiaren ondoren, osagai moduan esnea, kakaoa, indioilarra, fruta, ogia eta olioa dituen gosari osoa eskainiko zaie.

EAEko datuak

Bihotz Bizi Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Max Centerren laguntzaz 2.400 ikasleri egindako inkesten arabera, EAEko ikasleen %35,8k baino ez dute gosari osasungarria hartzen.

Bestalde, Gipuzkoako ikasleak dira gosaritan oliba-olio gehien hartzen dutenak. Bizkaikoak gosari osoena hartzen dutenak dira eta Arabako adingabeak, berriz, ogi gehien eta fruta gutxien jaten dutenak. 

Hamabost minutu gosaltzeko 

Aurreko kanpainakoaren aldean, gosari-aldia luzatu egin den arren, egia da oraindik ere neska-mutil askok bost minutu baino ez dituztela ematen gosaltzen. Adituen esanetan, ordea, gosari-aldia hamabost minutukoa izan beharko litzateke, gutxienez.

Baina beste datu negatibo batzuk ere badaude umeen janari-ohituretan, opil gehiegi eta esneki gutxi jaten dituztelako gosaritan.

Arabako neska-mutilek gainerakoek baino fruta gutxiago jaten dute (orokorrean, %56,5; eta Arabakoak, %60,7). Aurreko kanpainaren aldean, opil eta esneki gehiago jaten dituzte. Bizkaian, gosari osasungarria (esnea, zerealak eta fruta) egiten duten ikasleen ehunekoa EAEko handiena da (Bizkaiko biztanleak, %38,9; eta orokorrean, %35,8). Gipuzkoan, hobekuntza iazkoa baino handiagoa izan da. Esneki gehiago eta opil gutxiago jaten dira. Horrez gain, ogi zuriaren eta irin osoko ogiaren kontsumoak ere gora egin du, eta olio gehien hartzen dutenak ere badira.

Gosaltzeko gomendioak

Azterketako emaitzak aztertu ondoren, zenbait gomendio eman dituzte, euskal neska-mutilen gosari-ohiturak hobetzeko:

- Fruta eta irin osoko ogi gehiago jatea, neska-mutilek zuntz dietetiko ugaridun elikagai gutxi jaten dituztelako.

- Esne hartzitu, jogurt eta gazta fresko gehiago jatea, neska-mutilen %60k ia- ia ez dutelako esnekirik jaten. Horrelako elikagai batzuk mantenugaiak bezain onuragarriak dira, eta, euren bidez, gosari erakargarriagoak egin daitezke, osagaiak aldatzean.

-Opil gutxiago jatea eta egun berezietarako uztea. Oraindik ere, opilen kontsumoa handia da, ikasleen %40k gosaldu ohi dituztelako.

- Oraindik ere, argi eta garbi adierazi behar da gosaria osoa izan behar dela eta gosari osasungarriaren osagai guztiak behar bezala bateratu behar dituela. Horrela, bada, gero eta ikasle gehiagok gosalduko dute behar den moduan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak