Hezkuntza Sailaren 2007ko dekretuak ikasgai bakoitzarendako gutxieneko ordu kopuru bat ezartzen zuen, eta Gorputz Hezkuntza, asteko bi ordu eta erdi izatetik, ordu eta erdira pasatu zen. Horri erantzuteko sortu zen Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldea (SOHAT), eta ikasturtea hasi berria dela aprobetxatu nahi izan dute berriz euren eskaera gogorarazteko eta irailean egin duten Hezkuntza Curriculuma eta Gorputz Hezkuntzari buruzko ikerlana delakoaren emaitzak aurkezteko. Bertan, EAEko 235 ikastetxeko 1.276 laguni –zuzendariak, irakasleak, gurasoak eta DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko 1. mailetako ikasleak– egindako inkesta baten emaitzak batzen dira, eta horien arabera, Gorputz Hezkuntza da etorkizunera begira ikastetxeek gehien indartu beharko luketen hirugarren arloa, ikasgai hori oso ondo baloratzen dute, eta inkestatuen gehiengoa SOHATen proposamenen alde agertu da.
SOHATek Debagoieneko kideak ere baditu, eta ikerketa babestu dutenen artean Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea dago. Beste sustatzaile eta babesle batzuk hauek izan dira: COLCAFID, Decathlon, Gasteizko eta Donostiako irakasle eskoletako kideak, Gasteizko Jarduera Fisiko eta Kiroletako Zientzien Fakultatea (lehengo IVEF), Kirolaren Aldeko Iritzi Taldea eta Xibako teknikariak.
Irakasle gutxiegi
Nora Olabide bergararra Gorputz Hezkuntza irakaslea da Elgetan, eta SOHATeko kide da. Berak azaltzen du eurek ikusten duten arazoa: "Saioak murriztu egiten dira ikasleendako, eta lanpostu gutxiago daude horren ondorioz: joan den ikasturtetik hona, 36 lanpostu galdu dira. Baina gure kezka nagusia da Gorputz Hezkuntzari emandako orduak gutxiegi direla ikasleei egin beharreko ekarpena egiteko, eta ez dutela bermatzen behar den moduko lan bat egitea".
Hori dena 2007ko Hezkuntza Dekretuaren ondorioa da. Bertan, Hezkuntza Sailak ikasgaietarako gutxieneko ordu batzuetara behartzen du, baina ikastetxe bakoitzari malgutasuna ematen dio berak gehieneko orduak ezarri ditzan. Olabidek dioenez, "horixe da Sailak ematen duen aitzakia edo arrazoia. Elgetan, hori erabiltzeko aukera dugu: ni langile finkoa naizelako eta lanaldi osoan nagoelako, eta ikasle kopurua ere egokia delako; bestalde, zuzendaritza eta gurasoak ados daudelako, eta horregatik, Elgetan bi ordu eta erdi ematen ditugu. Arazoa da eskoletara bidaltzen diren espezialistak banatzeko orduan, ikasturte hasieran, Hezkuntzak gutxieneko orduen arabera egiten duela kalkulua, eta ikastetxe askotan lanpostu bat, lanpostu erdi…geratu dira. Hortaz, eskola horiek autonomia edo malgutasuna badaukate, baina giza-baliabiderik ez dute horri eusteko".
Gorputz Hezkuntza areagotzearen alde dauden gehienek (%57,6) uste dute Sailak dekretu bidez arautu beharko lituzkeela gutxieneko orduak. Aukera horren alde daude bereziki zuzendariak, "izan ere, bestela eskuak lotuta dituzte ordutegia beste modu batera antolatzeko", dio Nora Olabidek.
"Ezinbestekoa"
Oraingo ikerlana Siadeco Ikerketa Elkarteari eskatu zion SOHATek. Besteak beste, honako emaitzak ditu: zuzendarien %69ek eta irakasleen %68ek esan dute Gorputz Hezkuntza ahuldu egin dela beste irakasgaiekiko, eta hari murriztu dizkiotela ordu gehien. Horrez gain, ikastetxe bakoitzaren egoeratik abiatuta, aurrera begira indartu beharreko 3. lehentasunezko arlotzat dute inkestatutakoen %32,9ek, atzerriko hizkuntzen (%45,4) eta euskararen (%44,8) atzetik.
SOHATen proposamena da Gorputz Hezkuntzak astean gutxienez bi ordu izan beharko lituzkeela curriculumeko helburuak lortzeko. Horrekin ados agertu dira inkestatuak, eta proposameneko planteamendu guztiak ondo baloratu dituzte: gehien baloratu dutena (10 puntutik 9,10) izan da Gorputz Hezkuntzak "ezinbesteko alorra" izan behar duela DBH sistemaren barruan, eta bigarrena, oinarrizko curriculumak markatzen dituen gaitasunak lortzeko "irakats alor garrantzitsua" dela Gorputz Hezkuntza (8,56 puntu). Horrez gain, inkestatuen %74ek egokitzat jotzen du SOHATen proposamena LHrako, eta %58ek, DBHrako.
Beste emaitza bat hau da: LHn Gorputz Hezkuntzak 146,82 minutu izan ditzan eskatzen dute inkestatuek; DBHn, 144,41; eta Batxilergoan, 135,96; ia bi ordu eta erdi, hortaz. Kopuru horiek ikasleek, zuzendariek, irakasleek eta gurasoek emandako kopuruen batez bestekoak dira.
Gorputz Hezkuntzaren garrantziaz galdetuta, ikusten da oso ondo baloratzen dutela: gaitasun baloratuenak dira norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna (10etik 8,64 puntu) eta gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna (7,60).
-------------------------
Nora Olabide: "Gorputz Hezkuntzarendako bi ordu eskatzen ditugu, besteei ezer kendu barik"
Elgetako Herri Eskolan Gorputz Hezkuntza ematen du Nora Olabidek. Bere esanetan, Hezkuntza Dekretuak ahalbidetzen du Gorputz Hezkuntzari denbora handiagoa ematea.
Aspalditik dator zuen borroka…
Bai. 2007an Hezkuntza Dekretu berria egin eta onartu zutenean hasi ginen. Gure aldarrikapena orduko berbera da: Gorputz Hezkuntzarendako gutxieneko ordutegi bat eskatzen dugu, eta gogorarazten dugu ez gaudela bakarrik; gure atzean badago babes bat. Gainera, gure proposamenean ez diogu beste inongo ikasgairi ordurik kentzen; guztien ordu kopurua errespetatzen dugu. Ez ditugu eskatzen ere lehengo bi ordu eta erdiak, bi ordu baizik. Gorputz Hezkuntzak bere tokia izan behar duela deritzogu.
Zelan gorde daiteke ikasgai guztien gutxieneko ordu kopurua, eta Gorputz Hezkuntzarena ere handitu?
Ikastetxeen ordutegi malguan, badaude markatu bako ordu batzuk, gutxienekoetatik kanpo gelditzen direnak. Guk aurkeztutako ikerlanean agertzen da inkestatuek emandako iritzia, beste ikasgai batzuen denbora txikitzekoa, baina SOHATen proposamenak ez du halakorik eskatzen.
Inkestatuek oso ondo baloratu dute Gorputz Hezkuntza. Adibidez, ikastetxeen lehentasunen artean hirugarren agertzen da…
Bai. Guk ere harriduraz hartu genituen erantzun horiek. Balorazio oso ona egiten dute gaitasun kurrikularrean eta garapen pertsonalean. Adituek hitz egiten dutenean oso argi daukate, eta geuk ere bai, baina galdeketarekin ikusten da ez garela bakarrak.
Nire inpresioa da, 2007a ezkero eskoletan txikitzen joan denez Gorputz Hezkuntza, argi gelditu dela bere falta eta jendeak igarri egin duela.
Hezkuntza Sailak zer dio, ipini da SOHATekin harremanetan?
Hasieran, dekretu berria onartu zenean, pare bat aldiz batzartu ginen, baina horren ondoren Sailak ez du interes berezirik agertu, eta gure ikerlana aurkeztu ondoren ere ez da kontakturik egon. Dena dela, eurekin egoteko asmoa dugu.
Badakigu momentuan zelan dagoen kontua, baina lanean jarraitzeko asmoa dugu, benetan sinisten dugulako Gorputz Hezkuntzak bere lekua izan behar duela, eta gutxieneko bi ordu horiek lortzeko gure lanak ondorio batzuk izan ditzan.
