Samuel Sanchez: "Bizikleta gainera baino lehenago igo nintzen motorrera"

Txomin Madina Milikua 2011ko urriaren 6a

Bizikleta gainean ikusi ohi dugu, baina motorrak eta eskiatzea ere gustatzen zaizkio asturiarrari; askatasuna ematen ei dio abiadurak; galderei erantzuten ere azkarra da.

1. Noiz igo zinen lehen  aldiz bizikleta baten gainera?
Bizikletan lehenengo aldia ez; baina gogoratzen dudana da hori baino lehenago motor baten igo nintzela. 3 urterekin izan zen, aitarekin, Asturiasen.

2. Eta zure bi semeak hasi dira pedalei ematen?
Bai, txikiena 3 urterekin gurpiltxo gabe eta guzti ibiltzen da! Gustatzen zaie bizikleta, baina batez ere txikienari; zaharrenari, berriz, beste kontu batzuk gustatzen zaizkio.

3. Zer esango zenioke 18 urterekin etxea utzi eta Bizkaira heldu zen Samuel Sanchez hari?
Ez nioke ezer esango, nik uste dut dena ondo egin zuela, ez naiz ezertaz damutzen. Bueno, akaso, gauza bat bai esango nioke: ez ditzala ikasketak utzi.

4. Pekinen zaude, podiumaren gainean eta urrezko domina soinean. Zer ari da zure burutik pasatzen?
Dena eta ezer ez; biak batera pasatzen dira. Asko oroitzen zara ez daudenez, batez ere amaz; familia duzu buruan.

5. Eta Pekingo edo Luz Ardidengo garaipena gozatu zenuen gehiago?
Ez dakit zer esan, ezberdinak dira. Garaipen bakoitzean momentua bizi duzu; momentu bakoitza era berezian bizi duzu, bakoitzak berea du. Ezin dira elkarrekin alderatu.

6. Irudikatzen duzu zure burua maillot horiarekin Parisen sartzen?
Oso zaila ikusten dut, horrelakoetan errealista izan behar da. Ez da ezinezkoa, baina bai zaila.

7. Nola eman buelta txirrindularitzak azken urteotan hartu duen fama txarrari?
Gure aldetik ahal den guztia egiten ari gara, dopinaren kontra erabiltzen ditugun kontrol sistemak aitzindariak dira. Prentsa, batzuetan, nahiko gaizki portatzen da gurekin; albisteak enfokatzeko modua aldatu egin behar da, kirol arloan zentratu, eta ez kirolez kanpokoetan. Beste kirol batzuetan ere eskandaluak daude, baina ez dira esaten.

8. Noiztik ez zara egon Oviedoko San Mateo jaietan?
Bost urte egon gabe egon ostean, aurten joan naiz. Donostiako edo Bilboko Aste Nagusien antzerakoa  da, herrikoia eta ekintza askorekin. Akaso, gehiago da umeendako nagusiendako baino.

9. Zein da zuretzat asturierako hitzik politena?
O, esaldi askori amaieran gehitzen zaiena: "¿Qué pasa, o?". Baita ye hitza ere; eta guaje, asturieraz umea esan gura duena.

10. Eta hainbeste urte gurean emanda, ausartu zara euskararekin?
Ulertu ulertzen dut zerbait, baina ikasten ez naiz hasi. Tarteka hiztegiak-eta begiratzen ditut... Baina hizkuntza zail samarra da.

-------------------------

Lehendakaria banintz: Asturiarrak ez du zalantzarik egiten lehendakari izatekotan hartuko lukeen erabakiaren inguruan: "Kirola sustatuko nuke modu superlatiboan. Izan ere, nire ustez, kirola egiten baduzu, bizitza honek ematen ez dizkizun hainbat balio barneratzen dituzu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak