Beñat Rezusta: "Pilota edozerekin da bateragarri, baita parranda egitearekin ere, neurriz bada"

Xabier Urtzelai 2011ko urriaren 6a

Senior mailan ordezkaritza zabala du Bergarako pilota taldeak, eta Beñat Rezusta (Bergara, 1993) da talde horretara indarrez iritsi den azken pilotaria. Afizionatu mailara salto egin berri, besteak beste, Antiguoko eta Egiako torneoak irabazi ditu.

Duela hiru urte pilota lehenetsi zenuen, eta futbola baztertu. Normalean alderantziz izaten da.
Bai, baina gusturago ibiltzen nintzen pilotan futbolean baino, baita hobeto defendatu ere. Futbolean aurrelari postuan jokatzen nuen, eta pilotan ere hala hasi nintzen, naiz eta azken urteotan atzera pasa naizen.

Afizionatu mailako lehen urtea kategoriara egiteko urtea izaten da. Zuk, berriz, hainbat torneo irabazi dituzu.
Bai, urte oso ona izan da, baina irabazi ditudan torneoetan 20 urtez azpikoen kategoriakoak izan dira gehienak, ez nagusienak. Gutxi gorabehera nire adineko jendearen kontra jokatu dut.

Eta ze alde dago, bada, nagusiagoekin jokatzerakoan?
Indarrean badago aldea, baina hori baino gehiago, beteranotasuna igartzen zaie ez dutelako tantoetan kale egiten. Eman eta eman ibili arren, atzelari on batek pilotakada guztiak itzuliko dizkizu, norberak kale egin arte.

Zer-nolako pilotaria zara?
Partiduetan nahiko lasai egoten naizela esango nuke, eta ezker esku ona daukadala. Baina, eskuin eskuarekin asko hobetu behar dut, makal nabil hor.

Ezkertiarrok abilak izaten zarete esku onarekin, baina eskuina erabat ahaztuta izaten duzue.
Eskuinarekin jokatzen duten pilotariek derrigor landu behar izaten dute ezker eskua, pilota hormatik gertu dagoenean ez dagoelako eskuinarekin jotzerik. Baina, ezkertiarrok horma ondoan abantaila hori dugu, eta pilotakada eskuin aldera datorrenean gehiago zabaltzen gara, ezker eskuarekin jokatzen jarraitzeko.

Makalune hori bilatu nahian, aurrelariek zabalera egiten al dizute sakea?
Gazteagotan ez, gaztetan ez dugulako horrenbeste malizia izaten, baina aspaldian aurrelari batek baino gehiagok egin dit hori, partidu osoan sakea txokotik egin, alegia.
Eta, onartu behar dut entrenamenduetan eskuinarekin ondo moldatu banaiz, baina partiduetan horrelako sakeekin min egiten ari direla ikusten dudanean urduri jartzen naizela. Hori da, esaterako, hobetu beharreko beste kontuetan bat.

Pilotalekuak horma zurikoak, berdeak eta beltzak?
Bergarakoa beltzez margotu berri dute, eta nik gustuko dut horrela, oso txukun geratu da. Badirudi horma beltzean marka gutxiago egon behar direla, baina hasi gara konturatzen atzeko koadroetan entrenatzen dugunean hemen ere markak segituan egiten direla.
Baliteke hasieran jendeak pentsatzea hormak beltzez margotuta pilotalekua ilun samar geratuko zela, baina ez da hala izan, alde horretatik lehen moduan dago. Egia esan, nik pilotalekuko hormaren koloreari ez diot kasu larregirik egiten; aurrekoan, esaterako, urdinez margotuta dagoen pilotaleku batean izan ginen jokatzen, eta han ere ez nuen arazorik izan. Baina, badakit pilotari batzuk kexatu egin direna, kolore urdin horrekin ez direlako ondo konpontzen.

Gustuko dozun pilotaleku bat?
Hau bera, Bergarakoa.

Klubean bertan ze giro duzue? Badatoz gazteak?
Badatoz, bai. Seniorretan bospasei pilotari gaude, eta egia esan, asko eskertzen da fundamentuzko entrenamendu saioak egin ahal izaten ditugulako. Herri batean bizpahiru pilotari baino ez baldin badaude nekezagoa da motibatuta ibiltzea, eta ondo entrenatzea. Eta horrekin batera, gaztetxoen entrenamendu saioak ikusten ditudanean badaude etorkizunean pilotari txukunak izan daitezkeenak. Esaterako, Jokin Etxanizen semeek txukun jarduten dute.

Eta antolatu ere torneo ederrak antolatzen dituzue klubetik.
Hor pilotariok zorretan gaude Reyes Azkoitia eta txapelketak antolatzen ibiltzen diren klubeko gainontzeko kideekin. Pilotari asko kanpotik etorri behar izaten dira, esaterako, Bergara Hiria moduko torneoak jokatzera, eta guk etxean bertan ditugu. Gainera, azken urteotan afizionatu mailan geroago eta izen handiagoa dute hemengo txapelketek.

Herri Arteko txapeldun. Gertatuko da berriro ere?
Baietz espero dut, 2009an lortu bagenuen, zergatik ez aurrerago? Egia da orain momentuan gazte eta kadete mailan ez ditugula pilotari asko, eta Herri Arteko txapelketa batean aurrean egoteko kategoria guztietan izan behar dira bikote onak. Baina, lehen esan moduan pilotari gaztetxo mordoa dabil hemen, eta horiek nagusitzen direnean...

Zerekin ez da bateragarri pilota?
Nik uste pilota edozer gauzarekin dela bateragarri, baita parranda egitearekin ere. Noski, neurriz egiten bada.

Gustuko pilotari bat?
Azken urteotan behera etorrita dago, adinean ere aurrera doalako, baina oraindik gozamena da aurreko koadroetan jokatzen ikustea. Titinez ari naiz.

Tako asko, ala gutxi jartzen duzu?
Pilotari batzuek atzamar puntatan ere trapua jartzen dute, eta nik ez dut halakorik egiten. Eskuan bertan, baina, tako dezente jartzen dut.

Eta amaitzeko, pilota partidu bat pilotalekuan bertan, ala etxean telebista aurrean?
Egia esan ez naiz partiduak ikustera pilotalekuetara joaten den horietakoa. Partiduak gusturago ikusten ditut etxeko sofan eserita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak