Carmen Perez: "Euskarak beste estatus bat izango luke beste estatu baten mintzatuta"

Irati Goitia 2011ko urriaren 5a

Carmen Perez asturiarra da jaiotzez, baina Katalunian bizi da. Egun, Catalanoparlantes de Adopcion plataformaren arduraduna da, baina urte asko daramatza jendea animatzen hizkuntza adopta dezan. Are gehiago, hizkuntza bat adoptatzeak herrialde horrekiko lotura afektiboa sortzea dakarrela dio. Horrela, etorkinen integraziorako erreminta moduan hartzen du hizkuntza.

Etorkin batengana joatean, zein hizkuntza erabili behar dugu?
Plataforma per la Llenguan argi dugu komunikaziorako erabilitako hizkuntzak tokikoa izan behar duela. Hemen katalanak eta hor euskarak. Badakigu hizkuntza horiek ulertzen ez dituen jende asko dagoela –batez ere Euskal Herrian euskara–, baina, gutxienez, hizkuntzarekin lehen kontaktua ezartzea da. Izan ere, kanpotarrengana beti gazteleraz zuzentzen bagara, hizkuntza baten existentzia ezkutatzen diegu.
Are gehiago, oinarrian, diskriminazio modura ere uler dezakegu; gure lagunekin eta gure senitartekoekin beti euskara erabiltzen badugu eta beste pertsona batengana zuzentzeko hizkuntzaz aldatzen badugu, pertsona horri hemengoa ez dela esateko modu bat da, baztertzeko modua.
Beti lehenetsi behar da pertsonen arteko komunikazioa, baina lehen kontaktua euskaraz izan behar dela ziurtatu behar dugu, gerturatze bat egon dadin eta hizkuntza ikusgarria izan dadin kanpotik datozen pertsonentzat. 

Gure ohiturak aldatu egin beharko genituzke?
Zalantzarik gabe. Gertatzen dena da oso zaila dela ohitura linguistikoak aldatzea. Txikitatik ikasten dugu hizkuntza aldaketa hori egiten, eta gero, zaila egiten zaigu ohitura hori aldatzea. Beraz, ezinbestekoa da aldaketa hori egiten dugun kontzientzia hartzea eta zein testuingurutan egiten dugun jakitea, nola aldatu asmatzeko.
Pasadizo bat kontatuko dizut: joan den astean Gasteizen izan nintzen, eta afaltzera kebab-jatetxe batera joan ginen eta nik euskaraz egin nion bertako langileari, hark ez zidan ulertu, eta, beraz, gaztelerara pasa behar izan nuen. Baina ondoren euskaraz agurtu zen eta "eskerrik asko" esan zidan. Ziur nago lehen hitzak ez banizkio euskaraz egin, ez zela euskaraz agurtuko. Hain zuzen, kexu zen Gasteizen oso jende gutxik egiten duela euskaraz esanez eta hari inork ez diola euskaraz egiten gaineratu zidan. Beraz, proba egin eta ikusten da hizkuntzarekiko jarrera positiboa dutela kanpotarrek.

Etorkinak bertako hizkuntza ikasteko prest izaten dira?
Egun dugun immigrazioa ez da Espainiako Estatutik datorrena, beste herrialde batzuetatik datorrena baizik. Pertsona horiekin dugun zortea da ez dutela aurreiritzirik hizkuntzekiko. Espainiatik etortzen direnek konnotazio negatiboak izaten dituzte Euskal Herriarekiko eta euskararekiko; bestalde, Pakistandik edo Marokotik datozenek ez dute, hasiera baten, inolako konnotazio negatiborik. Beraz, abantaila hori gure mesedetan baliatu behar dugu.
Beste erronka handi bat da hizkuntza beharrezko egitea. Guk geuk euskarak edo katalanak ezertarako balio ez digutela pentsatzen badugu, zailtasun handiagoz transmititu ahal izango diogu kanpotik datorren bati hizkuntza ikastearen garrantzia.

Etorkinak hizkuntza erabiltzera erakartzea guk geuk egunerokotasunean egin behar dugun lana da?
Nik uste dut guk gure egunerokotasunean asko egin dezakegula, baina, horrez gain, administrazio publikoak eta Gobernuak etorkinen integrazio linguistikoan langunduko duten politika eta neurri zehatzak hartu behar dituzte. Horrela, Parlamentuak, adibidez, euskaldun guztien eskubideak bermatuko dituen arauak onartu beharko lituzke.

Eusko Jaurlaritzak horretan esfortzu handiagoa egin beharko lukeela uste duzu?
Euskal Autonomia Erkidegoko egoera legislatiboa ez dut oso ondo ezagutzen, baina hemen Katalunian askotan gertatzen dena da badirela katalana babesteko arauak, baina askotan ez direla betetzen. Esaterako: produktuek katalanez etiketatuta egon behar dute edo komertzioetako errotulazioek bi hizkuntzatan egon behar dute, gutxienez, baina hori ez da betetzen. Beraz, legeak betetzen hastea izango litzateke lehena.

Baina guk geuk nola lagun dezakegu?
Immigrazio berria kontuan izanik, topiko bat hautsi behar dugu: honezkero ez da euskaldunen eta ez euskaldunen arteko bereizketarik egin behar. Immigrazioarekin, askoz hizkuntza gehiago mintzatzen dira gure herrietan; bikotomia hori faltsua da.
Bestalde, lehen esan bezala, hizkuntzaz aldatzea ez da edukazio oneko jarrera, baizik eta beste pertsona baztertzea.
Azkenik, diskurtsoa aldatu egin behar dugu. Jada ezin dugu oinarri hartu gure hizkuntza hizkuntza historikoa dela. Diskurtso historiko horrek ez duelako etorkinengan eraginik, ez dutelako iragan hori konpartitzen. Eurei gehiago interesatzen zaie jakitea etorkizuneko hizkuntza dela eta euren seme-alabentzako hizkuntza baliagarria dela.

Immigrazioa mehatxua da hizkuntza gutxituendako?
Hizkuntza gutxitudun herrialdeetan bizi garenok badakigu hizkuntzak mehatxatuta bizi direla etorkinen presentziaz edo gabe. Euskal Herrian ez dakit, baina Katalunian, behintzat, hona etorritako jendeak ez balu katalana ikasi, egun katalana desagertze bidean legoke. Beraz, mito faltsua da pentsatzea kanpotik datozenek ez dutela hizkuntza ikasten. Gainera, nik uste dut hizkuntzari kalte handiagoa egiten diotela hizkuntza jakin baina erabiltzen ez dutenek. Horren atzean hainbat arrazoi egon daitezke, baina niretzat oso garrantzitsua da hizkuntzak prestigioa izatea, erakargarri izatea. Adibidez, euskara herriko jendeak bakarrik erabiltzen duela pentsatzen bada edo jende ezjakinarekin lotzen bada, errazagoa da jendeak hizkuntza erabiltzeari uztea.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Hizkuntza oro da baliotsua, baina uste dut euskara bezalako hizkuntza zahar bat Espainiako Estatua ez den beste estatu baten mintzatuko balitz, beste estatus bat izango lukeela, eta tratu hobea. Izan ere, Espainiako Estatua ez da oso sentikorra kontu linguistikoekin. Katalunian ere une zailak bizi ditugu. Trantsiziotik inor zalantzan jartzera ausartu ez den eskoletako eredu linguistikoa kolokan dago orain, adibidez. Konstituzionalean hainbat errekurtso ditugu eredua aldatzeko, atzerapausoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak