Durangoko azokak badu kartela

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 4a

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 46. edizioa iragarriko duen kartela ezagutzera eman du Gerediaga Elkarteak, azokaren antolatzaileak. Gainera, abenduaren 4tik 8ra egingo den Azokan, galegoa kultura gonbidatua izango dela ere jakinarazi dute. Cristobal Aguiló Dominguez murtziarra izan da irabazlea.

Azken urteetan bezala, lehiaketa bidez aukeratu dute Durangoko Azokaren berri emango duen irudia. Aurten 28 aurkeztu dira lehiaketara.

Irabazlea Cristobal Aguiló Dominguez da. Murtziarra da. Diseinatzaile grafikoa da ikasketaz eta lanbidez. Gaur egun, Murtziako publizitate agentzia bateko lanak, freelance lanekin uztartzen ditu. 2011n Durangoko Azokaz gain, beste lau kartel lehiaketa irabazi ditu: Cartagena eta Miguelturrako (Ciudad Real) inauterietakoak eta Badajoz eta Soriako San Juan jaietakoak.

Durangoko Azokako bi osagai nagusiak uztartzen saiatu da kartelean: liburua eta diskoa. Binilozko diskoa oinarri hartuz sortu du irudia: liburu bat irakurtzen dabilen pertsonaia.

Epaileak hauek izan dira: Lur Merinio artista plastikoa eta 44. edizioko kartel egilea; Pedro Mari Basañez arkitektoa eta Arte Ederretako irakaslea; Javier de la Torre arkitektoa; Txelu Angoitia argazkilaria, eta Jasone Agirre, Gerediaga Elkarteko kidea.

Kultur gonbidatua: galegoa

Kultura gonbidatua galegoa izango da aurtengo edizioan. Culturgal Elkartearekin elkarlanean sortzaile euskaldunek eta galegoek elkarrekin parte hartuko duten ekimenak sustatuko dira Azokarako eta egitaraua osotuko da. Horretarako, Xunta Galiziak sustatutako Agadic kultur industria galegoen agentziaren laguntza izan da.

Culturgal Elkarteak, Galiziako kultur industriari eskainitako Azoka antolatzen du urtero. Aurten abenduaren 2tik 4ra egingo dute Pontevedran. Informazio gehiago: www.culturgal.com webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak