Osakidetzako zuzendari nagusiak hauxe esan du: "Datu erreal eta gordina da gaur egun, 72 oherekin, okupazioa %64koa dela. Gaur egungo osasun arloan, gutxienekoa oheak dira. Gaur egun teknologia oso garrantzitsua da eguneroko asistentzian, teknologia horrez laguntzen diren profesionalekin batera. Horixe da helburua, ospitaleak teknologia onena izatea, ez oherik onenak". Eta gehitu du: "Orain dagoena baino ohe kopuru apur bat handiagoa izango du, baina ez dugu sistema erraldoi batera joko, beste erkidego batzuetan gertatzen dabilen moduan; gero, gainera, ezin direnak ordaindu". Horren haritik, esan du, "eskariaren araberako ospitale arrazionala" izango dela eta azpimarratu du: "Eskaria hobetu nahi dugu, baina ez ohe gehiago eskaintzen, zerbitzu hobea baizik".
Zerbitzu hobeak
Hobekuntza hori zerbitzu hauekin gauzatuko da: Anestesia osteko errekuperazio unitatea eta Endoskopia unitatea egongo dira eta espezialitateak gehituko dira, hala nola, Urologia, Endokrino eta Pneumologia. Horrekin batera, obstetrizia eta pediatriako ospitaleratzeetarako unitate espezifikoa egongo da. Unitate horrek erditzeko hiru gela izango ditu eta dilataziorako eta erditze naturalerako gunea.
Eta bukatzeko esan du: Debagoieneko Eskualde Ospitaleak zerbitzu hobeak izango ditu, baina XXI. mendeko zerbitzuak, eta ez XX. mende hasierakoak.
Gerente berria, "entusiasmatuta"
Antonio Arraiza izango da aurrerantzean ospitaleko gerente berria. Aurkezpenean esan duenez, "pozik eta entusiasmatuta" ekin dio ibilbide berriari. Bide horretan Eskualde Ospitaleak dituen hiru erronkak aipatu ditu: lehen mailako arreta, espezializatuarekin integratzea; ospitale berria martxan jartzea; eta herritarrak Eskualde Ospitalera erakartzea.
Horren haritik, Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak esan du herritarren %25ak aukeratzen duela Osakidetza ez den beste osasun eskaintza bat.
Debagoienean lan egindakoa
24 urtez hainbat ospitaletako gerentzian lan egin izan badu ere, Antonio Arraiza familia medikua da. Zazpi urtez jardun zuen familia mediku, horietako lau, Debagoienean: "Hiru urtez Bergaran egon nintzen eta ia beste urte bat Eskoriatzan. Bestalde, asistentziarako-zentrua ere ezagutu nuen, kooperatibetakoa zenean, eta orain, bizitzak ematen dituen bueltak direla eta, eskuartean dugun ospitale berriaren proiektuaz arduratzea egokitu zait".