Honako hauek dira hiru irabazleek jasoko dituzten sariak:
- Lehen saria: Panasonic LUMIX DMC G10 argazki kamera digitala eta KB Photoestudiok eskaintzen dituen ikastaroetako batean, %50eko deskontu bonoa Bergarako KB Photoestudio argazki dendaren eskutik.
- Bigarren saria: Kantabrian bi lagunendako astebukaera bateko egonaldia. Arrasate Bidaiak-en eskutik.
- Hirugarren saria: bi pertsonarendako afari edo bazkaria Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean.
Honako hau, epaimahaiaren iritzia saritutako argazkien gainean:
- Udako arratsalde bero batean. Yera Sanchez, Aretxabaleta: "Argazkiaren konposizio orekatuaren barnean oso ongi isolatuta dago argazkiko subjektu nagusia foku selektiboa era egokian erabilita".
- Izan zoriontsu guztiaren gainetik. Maier Errasti, Aretxabaleta: "Udako balioak transmititzea lortzen duen argazkia. Aukeratutako gaiaren, momentuaren eta argazkiaren tratamenduaren arteko oreka ongi ebatzia izan da".
- Ahateekin paseatzen. Gaizka Untzueta Irasuegi, Arrasate: "Argazkiaren originaltasuna da saritu dena. Une eta toki egokian egonik umorea eta argazkilaritza uztartzeko gaitasuna baloratu da".



157 lehiakide eta 538 argazki
Hauxe lehiaketaren gainean epaimahaiak esandakoa: "Aurten 157 lagunek hartu dute parte lehiaketan. Guztira, baina, 538 argazki jaso ditugu. Urtetik urtera lehiakide gehiagok parte hartzen dute: iaz baino 20 lagun gehiago animatu dira. Halere, gustura egindako lana izan da, baina ez duzue batere erraztasunik eman, askok merezi duzue-eta saria. Batzuk freskoak direlako; beste batzuk barrea eragiten dutelako; teknika aldetik zainduta daudenak ere jaso ditugu; baita erretratua ateratzean ederto zebiltzala erakusten dutenak ere. Argazki horiek guztiek dute gurean lekua; horrenbestez, datorren urtean ere animatu!".
Goiena pozik
Iazko erantzun zabalari eutsiz, zazpigarren edizio honek erakutsi du debagoiendarren artean finkatzen doala lehiaketa. Alde horretatik, oso pozik dago Goiena, parte-hartzea handia izan delako.
Epaimahaia
Goiena komunikazio taldeko eta Bergarako KB Photoestudio argazki dendako kideek osatu dute epaimahaia eta ez da erraza izan hiru saridunak aukeratzea. Saridunek asteon jasoko dute saria. Egubakoitzeko Goiena paperean izango duzue irabazleok ezagutzeko aukera.