"Krisia dela-eta, ezin izango ditugu gauzatu beste egoera batean gauzatuko genituzkeen ideiak"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 30a

Kargua hartu eta Foru gobernua osatu zuenetik 100 egun pasa direnean, egindako lanaren balorazioa egin du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Krisiak Diputazioaren jarduna baldintzatu duela dio, baina, era berean, neurriak hartu dituztela gastua murrizteko; "porlanaren ordez, pertsonak" direla euren jardunaren oinarria eta zerga politika "justuago baten aldeko pausoak" emango dituztela.

 Hemen esaldi batzuk

  • "Krisia dela-eta, ezin izango ditugu gauzatu beste egoera batean gauzatuko genituzkeen ideiak".
  • "Herritarren nahiarekin, bestelako politika egiteko gipuzkoarren gogoarekin, bat egitea lortu dugu".
  • "Foru gobernuaren politikaren ardatza ez dira porlana eta etekin sozial nahiko zalantzagarria duten makro-proiektuak izango".
  • "Gure lehentasuna pertsonak izango dira".
  • "Gardentasuna: gipuzkoarrek badakite, orain, 101 milioi euroko zuloa dugula aurrekontuan".
  • "Gastua murrizteko neurriak hartu ditugu: 19 kargu politiko gutxiago daude gaur egun gobernuan, eta haien soldata % 20 txikiagoa da. Soilik soldata jaitsiera horrekin, milioi bat euro aurreztu du Aldundiak".
  • "Politika, sozialagoa eta zentzuzkoagoa, nahi dute herritarrek".
  • "Bildu zerga politika justuago baten aldeko lehen pausoak ematen ari da: bidezkoa da krisi garai honetan, gehien dutenek gehiago ordaintzea".

Eta hemen adierazpena oso-osorik

Herritarrekin batera, krisiari aurre eginez

Foru Gobernu honek ehun egun bete ditu. Hilabeteotan, krisialdiaren erdi-erdian lan egin behar izan du, gipuzkoar guztiek bezala. Izan ere, krisi ekonomiko sakona dugu, luze jo dezakeena, eta herritarrei nabarmen eragin diena; Foru Gobernuak egoera hori gestionatu behar izan du, Gipuzkoako milaka eta milaka herritarrek, enpresak edo elkartek bezala.

Dena dela, krisia ez da berri-berria. Eta herritarrak hartara egokitu dira urteotan. Administrazioak, ordea, ez du halakorik egin: diru sarrerak jaitsi dira, baina administrazioak zorpetzera jo du, gastuari eusteko. Beraz, zor eta krisi egoera horri aurre egitea egokitu zaio Foru Gobernuari. Horregatik, herritarrak bezala, hartu beharreko neurriak hartzen ari da. Eta, horregatik, haiek bezala, ezin izango ditu gauzatu beste egoera batean gauzatuko lituzkeen ideiak.

Baina, oztopoak oztopo, hilabeteotan, Foru Aldundiak herritarren nahiarekin, bestelako politika egiteko gipuzkoarren gogoarekin, bat egitea lortu du. Hasiera-hasieratik argi utzi genuen bezala, legealdi honetan, Foru Gobernuaren politikaren ardatza ez baitira porlana eta etekin sozial nahiko zalantzagarria duten makroproiektuak izango; gure lehentasuna pertsonak izango dira, beraiek osatzen baitute, benetan, Gipuzkoa. Apustu horretan, bat egin dugu herritarren eskariekin.

Lehenik, herritarrak gardentasuna eskatzen ari dira. Gipuzkoarrei ezin zaie errealitatea ezkutatu edo makilatu, pertsona helduak dira-eta. Gobernu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoera ekonomikoaren berri eman du xehetasun guzti-guztiekin: gipuzkoarrek badakite, orain, 101 milioi euroko zuloa dugula aurrekontuan.

Jakinarazteaz gain, diru zuloa estaltzeko erabakiak hartu ditu Foru Aldundiak. Bi adibide jarriko ditut. Batetik, zenbait proiektu, oraingoz, etetea, gizarte politikari eta garraio publiko zerbitzuei lehentasuna emateko. Bestetik, Foru Gobernuaren beraren gastua murriztea: 19 kargu politiko gutxiago daude gaur egun gobernuan, eta haien soldata % 20 txikiagoa da. Soilik soldata jaitsiera horrekin, milioi bat euro aurreztu du Aldundiak.

Ildo beretik, zorpetze politika iraultzen ari gara: 2012an ez dugu inongo zorrik eragingo, ez bada lehendik etorri zaiguna ordaintzeko. Bukatu egin da edonola zorpetzeko garaia ere.

Eta politika garden horren haritik, diputatuen ondasunen berri emateko konpromisoa hartu dugu jendaurrean.

Bigarrenik, bestelako politika, sozialagoa eta zentzuzkoagoa, nahi dute herritarrek. Horregatik, Bildu zerga politika justuago baten aldeko lehen pausoak ematen ari da, beste sektore politiko batzuen laguntzaz. Bidezkoa baita, krisi garai honetan, gehien dutenek gehiago ordaintzea.

Krisiak jota, egoera ekonomiko larrian dauden herritarrekin, enpresekin, sektoreekin… egindako bilerak ere nabarmendu nahi ditut. Baita iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko konpromisoa ere: zergak saihesteko bideak ezabatu eta egiaztapenak berrindartu nahi ditu Foru Aldundiak, eta gainerako zerga administrazioekin informazioa partekatuko du.

Etxegarate dugu beste adibide bat: han bidesaria jartzea ez da soziala, ez justua, eta ez zentzuzkoa, eta horrexegatik, ez dugu jarriko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak