Adegik eta Sabadell Guipuzcoanok 120 milioi ipini dituzte Gipuzkoako enpresen eskura

Leire Kortabarria 2011ko irailaren 30a

Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, Adegik, eta Sabadell Guipuzcoano banketxeak berritu egin dute Gipuzkoako enpresen proiektuak finantzatzeko iaz egin zuten hitzarmena. Aurten, 120 milioiko aurrekontua onartu dute bertako enpresak diruz laguntzeko.

 

Exporta izeneko lerroak 100 milioi euroko poltsa dauka, eta atzerrian lanean hasteko edo lana garatzeko proiektuak babesten eta finantzatzen ditu. Implanta izeneko lerroak ditu beste 20 milioiak, eta atzerrian  merkataritza eta produkzio proiektuak finantzatzen ditu.

Txinan, Indian, Marokon…

Iaz, bi erakundeok 70 milioiko dotazioa onartu zuten Gipuzkoako enpresei atzerrira irteten laguntzeko. Adegiren esanetan, internazionalizazioa "enpresen lehiakortasunerako gako bat eta Gipuzkoaren erronka nagusietako bat da".

 

Lehen diru-laguntza horri esker, Gipuzkoako 53 enpresak 102 milioi euroko internazionalizazio proiektuak finantzatu dituzte, eta antolatzaileek diotenez, aurreikuspenak %50ean gainditu dira, "Gipuzkoako enpresen harrera ezin hobeari esker".

Zehazki, Exporta lerroaren bidez 91 milioitik gorako 48 ekintza finantzatu ziren Txinan, Indian, Aljerian, Turkian, Marokon, Tunisen, Alemanian eta Frantzian, besteak beste; eta 11 milioitik gorako bost ekintza Implanta lerroaren bidez, Txinan, Indian, Brasilen eta Marokon, besteak beste. Bi lerroen artean daude makina-erreminta, forjatze, paper, motor, altzairugintza, eta automobilgintza eta elektrizitate-osagaien sektoreak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak