Iraitz Agirre eta Andoni Mujika aritu ziren aurkezle eta berbalari. Publiko artean, Ahaldun nagusia, Martin Garitano. Eta bailarako hainbat erakunde, talde, elkarte eta eragiletako aurpegi ezagunak.
Bertaratutakoei banatutako txostenean, Bagararen izaera, ezaugarriak, azaltzen dira. Gaur egungo jendartearen egoeraren analisia egiten da eta Bagararen printzipioak azaldu, eta lan esparruak... Eta erronkak ezagutarazi.
Urte eta erdi honen balantzea ere egiten da. Egindako lana. Ekimen komunitarioen sustapenean egindako lana aipatzen da. Gogoetak, ekimenak... Eta, ekimenen balantzea.
Iraunkortasuna, Kontsumoaren humanizazioa, Inmigrazioa, Gazteen konpromisoa, Kulturgintza, Etxebizitza, Nekazaritza... Horiek, Bagarak banatu dituen lan arloak.
Ekimenak ikus-entzunezkoarekin
Proiektu eta ekimenen berri ere eman zuten. Eta hau azaltzeko, ikus-entzunezko bat erabili zuten, non, arloz arlo, bertako arduradunek azaldu zituzten egindakoak eta helburuak. Berrikuntza pedagogikoa, kontsumo arduratsua, Nekazalgunea, Tobera antzerki satirikoa, Etxebizitza, Herrigintza gaztea eta Iraunkortasuna dira banatu dituzten atalak.
Amaitzeko, Bagaran parte hartzeko moduez jardun zuten. Taldeen arteko elkarlanaz, batak besteari laguntzeko beharraz, "norberaren txiringitoari begira egin beharrean". Eta erronkak ere azaldu zituzten.
Honako erronka hauek aipatu zituzten, aurrera begira:
- Gizarte eragileak, pertsonak eta kolektiboak, konfluentziara ekartzea.
- Proiektuak, nahitaez, egikaritzea, fase teorikotik praktikara pasatuz.
- Etengabeko komunikazio ahalegina egitea, Bagara, berez, prozesu anitz eta konplexua denez.
- Interes orokorra zaintzea, berekoikerietan erori barik, gorago begiratzea eta elkarren artean jardutea. Eta Euskal Herriaren interes globala ez galtzea. Plano zehatza eta orokorra maneiatzea.
Amaitu zuten esanez, inon behar baldin bada ipar bat, gauzak egiteko oinarri zientifiko bat eta erantzunak, hori Bagara dela.