Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantza izango da. Horretarako, www.ahotsak.com proiektuko bideo pasarteak erabiliko dituzte.
Debagoieneko lau emakumeren pasarteak aurkeztuko dituzte ikuskizunean: Arrasateko Leandra Otxoa, Eskoriatzako Mari Karmen Pagaldai, Aretxabaletako Miren Zuazabeitia eta Oñatiko Martina Ugarte. Horiez gain, ikuskizunean zuzenean parte hartuko dute Arrasateko Ain_1 taldeko neskek. Bertsoek, zuzeneko musikak, kantuek, antzerkiak eta dantzak borobilduko dute saioa.
Amantala Kultur elkartea
Idoia Etxeberria oñatiarra Amantala kultur elkarteko kidea da. Duela urte eta erdi inguru hasi ziren gerrako kontuak jasotzen. 75. urtemuga momentu ona iruditu zitzaien orduko gertaerak kontatzeko. Hasieratik garbi zuten "ikuskizun artistikoa" egin nahi zutela. Horretarako Amantala Kultur elkartea sortu zuten.
Ikuskizuna emakumeen ikuspegitik kontatua eta euskaraz izango da: "Ikuskizuna ez zen sortu aldarri feministarik egiteko, baina bai emakumearen lana eta bizimodua ezagutarazteko. Gerran gertatu zena gizonen kontua dela dirudi, haiek egon zirelako frontean. Baina biztanleen erdia emakumeak ziren orduan ere, eta gizonek bezainbeste sufritu zuten", dio Etxeberriak. Denera 40 emakume ingururen pasarteak aukeratu dituzte, gerrako gertaerekin eta gerra osteko giroarekin lotuta: eskola, lana, ezkontza, elizaren indarra…
Zuzendari artistikoa Agurtzane Intxaurraga da eta parte hartuko dute: Oinkari dantza taldeak, Amaia Zubiriak eta Maialen Lujanbiok, besteak beste.