Murugaineko indusketak eta Espainiako gerra berbetagai gaur Aramaion

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 29a

Murugainen egiten diharduten indusketa lanen inguruan, beste bi ekimen egingo dituzte gaur eta zapatuan. Batetik, gaur, indusketa lanen emaitzen balorazioa egingo du Etor Telleria arkeologoak; ondoren, Espainiako gerraren gaineko mahaingurua. Eta, zapatuan, auzolana Mrugainen.

Murugainen indusketak egin dituen Gasteizko Ondare Babesa taldeko arkeologoa da Etor Telleria. Uztailetik inguru hartan egin dituzten lanen balorazioa egingo du gaur. Horren ostean, esandako moduan, Espainiako gerrak gure inguruan izan zuen eraginaren gainean jardungo dute, mahaiaren bueltan, lau lagunek: Juan Ramon Garaik, Julian Untzuetan, Fermin Etxeberriak eta Julio Axpek. 19:00etan hasita, Sastiñan, Aramaioko plazan dagoen ermitan.

Murugainera auzolanean

Zapatuan, berriz, Murugaineko indusketa gunea bertatik bertara ezagutzeko irteera egingo da. Auzolanean egin nahi dituzte egokitzapen lanak Murugaineko lubakietan. Eta herritarrak gonbidatu dituzte horretarako. Hauxe da plana: 09:00etan, frontoian egingo dute zita bertaratzen direnek. 09:30ean, Murugainen, auzolanaren hasiera. 12:00etan, hamaiketakoa, Ondare Babesa arkeologia taldearen kontura. 12:30etik aurrera, berriz ere atxurra hartu eta berriro lanera.

Burdin aroko herrixka eta lubakiak

Murugain, Aramaio, Aretxabaleta, eta Arrasate erdian dagoen mendi tontor bat da. Bertan Burdin aroko herrixka baten aztarnak ikusten dira eta, horretaz gain, Espainiako gerrako lubaki baten aztarnak ere bai. Aramaioko Ondarearen Babeserako Taldeak eta Aramaioko Udalak Murugaineko ondare hori berreskuratu eta ezagutzera emateko proiektu bat martxan jarri dute.

2011ko uztailean 8an hasita, arkeologoz osatutako lan talde bat indusketa lanak egiten egon da Murugainen. Astean zehar, egunero, bertan egon dira lanean, 8:00etatik 16:00ak arte. Ondare Babesa da indusketa lanak egiten aritu den enpresa. Gasteizko arkeologia enpresa bat da Ondare Babesa.

Herriari zabaldu

Enpresa horretakoek Aramaioko Ondarearen Babeserako Taldeak eta Aramaioko udalak Murugaineko indusketa proiektua herriari zabaltzea nahi dute eta herritarrentzat egitarau zabala antolatu dute gaiaz sentsibilizatzeko eta Murugaineko proiektuaz guztiok gozatzeko. Dagoeneko ekintza batzuk burututa daude. 

Antolatzaileek denak animatzen ditu ekintza hauetan parte hartzera, eta bide batez gozatuz ikastera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak