Itziar Alduntzin: "Jendeak gutxien espero duzunarekin erreakzionatzen du"

Txomin Madina Milikua 2011ko ira. 29a, 17:00

Goizetan Gaztea sintonizatuz gero, zaila izango zaizu irribarreari eustea. Zein den erantzulea? Itziar Alduntzin leitzarra, bitalismoaren adibide garbia.

1. Zer gosaltzen duzu goizero horrelako energia izateko?
Kafea utzi dut egunotan: egun baten, kafe barik geratu eta Cola Caora pasa nintzen. Hortaz, Cola Caoa zopa egindako ogi apur batekin.

2. Eta egun txarra izanez gero?
Horrelakoetan, lanera etorri eta mikroa irekitzean, egin beharrekoan asko zentratu eta atera egiten zait. Nire lana da, badakit animatzailea naizela. Egun oso txarretan ere ateratzen da: ez dakit nola, baina ahaztea lortzen dut.

3. Zenbat urte mikrofono aurrean?
Duela hamalau hasi nintzen Euskadi Irratian bekadun eta duela hamahiru, Gaztean. Aurkeztutako lehen kantua? Ez dut oroitzen; bai, ordea, probak egiteko aurkeztu beharreko kantuetako bat zela Smash Mouthen Why can't we be friends.

4. Gaztea asko aldatu da urte hauetan guztietan?
Aldatu da eta aldatu beharra dago. Ezberdin pintxatzen da, errealizazio aldetik gehiago eskatzen da. Esatarien hizketa estandarizatzen ere saiatu dira; egia da nire hizketak ez direla inoiz oso estandarrak izan, baina botatzen nauten arte horretan jarraituko dut.

5 Inoiz pentsatu duzu... "oraingoan pasatu egin naiz"?
Bai, baina ohartu naiz pasatu naizela edo esandakoa lekuz kanpo zegoela uste dudanetan, jendeak horrekin erreakzionatzen duela; gutxien espero duzunarekin.

6. Sarri aurkeztu behar izaten duzu gustuko ez duzun musikarik?
Bai, noski! Baina ezberdina da gustatzen zaizuna entzutea eta Gaztea bezalako irratian lan egitea. Momentu honetan, pintxatzen dudan guztia gustatzen zait, denak ematen dit subidoia. Irratian ondo geratzen dena beti da aproposa.

7. "Irratiak xarma berezia du": topikoa ala egia?
Egia berdaderoa! Topikoa da, baina irratiak engantxatu egiten du. Zuzenekoak subidoia ematen du, grabatutakoak inoiz emango ez dizuna. Erantzukizuna ere bada. Norbaitek zu entzunda ondo pasatu duela esateak dena balio du.

8. Telebistan lehen ibili arren, aspaldian ez zaitugu ikusi. Gogo ala aukera falta?
Hasieran, gogo falta, irratia uztea eskatzen zidaten gauzak zirelako. Orain, gustura egingo nuke, baina ez da aukerarik.

9. Emakume pinpirina ei zara. Zein izan da zure azken erosketa?
Zapata batzuk; ez nituen erosi behar, garestiegiak ziren-eta... Gustatzen zait bai. Ez hainbeste moda jarraitzea; badakit zer gustatzen zaidan, eta listo! Baina pasatu gabe!

10. Facebooken talde batek zurekin parrandan joan nahi du. Nolakoa da zure parranda ideala?
Aldatu egin da, orain egunez da: lagun onekin, bazkari eta arratsalde-pasa baten inguruan. Gauez irten bai, baina askorik luzatu gabe...

-------------------------

Lehendakaria baintz: "Txantxetan, esango nizuke lagun guztiak sekulako postuetan jarriko nituzkeela... Baina hori ez da politikoki oso zuzena! [Barre] Postua emango balidate, utzi egingo nuke, marroi hutsa iruditzen zait. Handia geratzen zaidan postu bat ez nuke sekula onartuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak