EAJk ospitaleko murrizketen aurkako mozioa aurkeztuko du erakundeetan

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko irailaren 28a

Haren esanetan, "ezin dugu utzi Debagoienean hain beharrezkoa den proiektuak halako murrizketak izatea" eta hasierakoa erreklamatzen du.

Gaur, irailak 28, bost urte bete dira Arrasateko Eskualde Ospitale berriko proiektua aurkeztu zuela Osakidetzak. Eta gaur bertan Debagoieneko EAJk prentsaurrekoa egin du proiektu hark izan dituen murrizketak salatzeko.

Hala esan du Lourdes Idoiagak: "Ospitale berria amaitzear dagoenean eta irekiera 2012ko urtarrilerako aurreikusita, Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunek inorekin ezer adostu gabe hasierako egitasmoa murriztea erabaki dutela jakin dugu, ospitale berriaren hobekuntza nabarmenak izan zitezkeen zenbait zerbitzu kenduz".

Hiru murrizketa nabarmen

EAJren esanetan hiru dira murrizketa nagusienak. Batetik, hasierako proiektuan aurreikusitako 120 ohetatik, 80 bakarrik jarriko dira. Bestetik, eremu semikritikoa unitatea atzera bota dutela esan dute. Unitate berri horrek, besteak beste, hipertentsioa duten eta diabetikoak diren pertsonei, edo ebakuntzan zailtasunen bat izan duten pazienteei ebakuntza ondoan zainketa berezien aukera eskainiko lieke.

Aukera hori kentzean, ez dute Arrasaten ebakuntzarik egiterik izango, eta "beste behin ere pazienteak Gasteizera, Donostiara... bideratu beharko dituzte", Idoiagak azaldu duenez.

Azkenik, espezialistetan ere eragingo du murrizketak: "Urologia, Endokrinologia, Neumologia eta Neurologia gehitzea aurreikusita dago, nahiz eta ez den ziurtatzen hasierako egitasmoaren arabera egingo denik".

Horren guztiaren aurrean EAJk konklusio garbia du: "Osakidetzak dihardu gaixoarengana zerbitzuak hurbildu beharrean, gaixoa behartzen zerbitzuen atzetik ibiltzera. Gasteizera edo Donostiara, joan beharko dugu, han dagoen pilaketekin eta itxaron zerrendak ere gero eta luzeagoak izanda".

Erakundeetara joko dute

EAJren iritziz, "ezin dugu utzi Debagoienean hain beharrezkoa den, eta adostuta eta alde guztiei jakinarazita dagoen proiektuak halako murrizketak izatea, are gutxiago inorekin ezer adostu ez denean".

Horri guztiari onartezina deritzote, eta legez besteko proposamena aurkeztu dute parlamentuan "hasierako proiektua erreklamatuz" eta Batzar Nagusietara ere helarazi dute.

Horrekin batera eskari bera jasotzen duen mozioa aurkeztu dute bailarako udaletan eta Mankomunitatean, "indar gehiago egiteko" eta Osasun Sailari eta Osakidetzari eskatzeko "ez babesteko krisi ekonomikoan eta ospitalearen proiektua beste makro-proiektu guztien gainetik lehenesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak