"Munduan bakarra". "Gure jakintza jarriko dugu unibertsitatearen zerbitzura, apaltasunez". "Euskal sukaldaritza munduan kokatzeko aukera ezin hobea da BCC". "Sekulako aukera da". "Sukaldaritza alorreko mundu mailako lehen unibertsitatea"… Halako berbak, bata bestearen atzetik, euskal sukaldarien ahotik.
"Lehenago jaio izan banintz..."
Pozik ziren denak: "Lehenago jaio izan banintz…" zioen Berasategik, unibertsitateak gazteei eskainiko dizkien aukeren gainean. "Bikaintasuna, berritasuna eta kalitatea eskutik doaz BCC-n eta pozik gaude horregatik", Andoni Luis Adurizek (Mugaritz). "Munduan bakarra", San Sebastian bezala. Eta, zela ez, gastronomia eta jakien ikertegia, non eta Donostian kokatua behar zuela egon azpimarratu zuten guztiek.
Bi ekitaldi izan zituen BCC-en inaugurazioak. Eguerdian eta iluntzean. Lehenengoan, Espainiako printze eta printzesak moztu zuten inaugurazio zinta. Han izan ziren euskal agintariak, lehendakaria buru, eta alderdi politikoetako ordezkariak. Donostiako alkatea eta Gipuzkoako diputatu nagusia ez ziren egon, Borboiak bertan zirelako eta esan zutenez, Espainiako Koroia "herri honen ukazioaren ikur direlako".
Arratsaldean, Garitano
Arratsaldekoan bai izan ziren Gipuzkoako eta Donostiako agintariak. Donostiako alkateak, ordea, berehala utzi zuen eraikina, argazkia egin eta proiektuaren bultzatzaile nagusiak, MUko errektorea eta errektore ordea, Josu Zabala eta Joxe Mari Aizega, hurrenez hurren, agurtu ostean. Cristina Garmendia Espainiako ikerkuntza ministroa ere bertan izan zen eta amaierara arte geratu zen, ekitaldi osteko mokadutxoak dastatu ondoren.
Musika eta irudiak
Iluntzeko ekitaldia hunkigarria izan zen. Musikak eta irudiak hartu zuten protagonismoa. BCCko Patronatuko kide izango diren euskal sukaldarien berbak entzun genituen. Michel Ducauk eta txalapartari apartek lagunduta, unibertsitate berriaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan genuen, Zabala eta Aizegaren eskutik. Sukaldariei eskerrak eman zien BCC-ko zuzendariak, Aizegak, proiektuaren "garra bizirik" eustearren. Proiektuan inplikatu diren erakundeen, enpresa pribatuen eta gainerakoen ilusioa eskertu zuen.
Zabalak nabarmendu zuen, proiektua duela lau urte haiengana heldu zenean, MUren Plan estrategikoa lantzen zihardutela eta beste lan arlo batzuk jorratzearen premiaz zihardutela. Hortaz, bete betean sartzen zela fakultate berria MUren asmoetan.
Fagor eta eroski Patronatuan
Basque Culinary Center izango da ikertegi eta berrikuntzarako zentroa edukiko duen munduko Gastronomia Zientzien Fakultate bakarra. Mondragon Unibertsitateak kudeatuko du. BCC Patronatuko kide dira hainbat erakunde publiko, goi mailako sukaldari eta enpresa pribatu; horien artean, Fagor Taldea eta Eroski. Patronatuko presidentea da Josu Zabala MUko errektorea.
Degaoiendarrak ere bai
Ekitaldian ikusi genituen hainbat debagoiendar. Martin Garitano Diputatu nagusia harro zegoen proiektuarekin. Han ikusi genuen, era berean, Alberto Elortza Zelai zabal jatetxeko sukaldaria, amantal zuriz. Eta Jon Muniategiandikoetxea bergararra, eraikina egin duen Donostiako Vaumm arkitekto taldeko kidea. Eraikina egin duten LKS-koak, edo Eskoriatzako Etxe-lanekoak, sukaldeak jarri dituztenak…
Basque Culinary Center Miramonen kokatuta dago, Donostian. 15.000 metro koadroko eraikina da. Plater pilatuen forma hartzen du kanpotik. 17 milioi euro kostatu da proiektua eta urtebete pasa behar izan dute eraikitzeko.
MUren fakultate berria
MUren hezkuntza eskaintzan sartzen da. Hala, gaur egungo hiru fakultateei, Goi Eskola Politeknikoa (Arrasate), Enpresagintza (Oñati) eta Humanitate eta Zientzien Fakultatea (Huhezi, Eskoriatza), orain beste hau gehitu zaio.
Joxe Mari Aizegak, duela gutxira arte MUko errektore orde izan denak, gidatuko du fakultate berria, hura izango da-eta zuzendaria. Josu Zabala MUko errektorea izango da patronatuko presidentea.
320ren artetik 56 aukeratu
Bologna Europako Unibertsitate ereduarekin bat egingo du BCC fakultateak, hasiera hasieratik. Urriaren 2an hasiko dute ikasturtea 56 ikasleek. Erdiak Euskal Herrikoak dira eta gainerakoak munduko beste bazter batzuetatik etorriak. 320ren artetik aukeratu dituzte 56 ikasle horiek.Urtarrilean beste 14 ikasle gehituko zaizkie, hainbat sukaldaritza eskolakoak.