Gernikako Akordioa sinatu du Jon Agirre preso ohiak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 27a

Jon Agirre preso aramaioarrak Gernikako Akordioa sinatu zuen domekan Gernikako Liceo antzokian. Toki berean sinatu zuten orain dela urtebete Gernikako Akordioa EAk, Aralarrek, Alternatibak, ezker abertzaleak eta hainbat sindikatu eta gizarte eragilek. Oraingoan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboek, PPk izan ezik, bat egin du akordioarekin. Euskal alderdi guztiek aurrerapausotzat jo dute erabaki hori, baita Zapatero Espainiako gobernuburuak.

Jon Agirrek eta Gloria Rekartek sinatu zuten preso ohien izenean Gernikan. Ekitaldian parte hartu zuten Pello Urizarrek (EA), Patxi Zabaletak (Aralar), Oskar Matutek (Alternatiba) eta ezker abertzaleko Jone Goirizelaiak eta Rufi Etxeberriak. Lore Martinez EAko zinegotzi aretxabaletarrak aurkeztu zuen ekitaldia.

"Pauso esanguratsua"

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidenteak esan du preso politikoen kolektiboak hartutako erabakia —kolektiboaren %90ak bat egin du Gernikako Akordioarekin— "indarkeria amaitzeko pauso esanguratsua" dela. Halere, "zuhurtzia" eskatu du Zapaterok.

Akordioaren edukien arabera, "prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa" hartu du kolektiboak. EPPKren iritziz, gatazkari "konponbide integrala" emateko erreferentzia da ituna.

Bake prozesua bultzatu

Gernikako Akordioa sinatu zutela urtebete betetzean, bake prozesua bultzatzeko hurrengo hilabeteotan lanean murgilduko direla aurreratu zuten sinatzaileek domekan Gernikan egindako ekitaldian. Eta konpromisoa hartu zuten bake prozesuaren beharraz etengabe mintzatzeko, konponbidearen alde lan egiteko prest dauden guztiekin zubiak eraikitzeko, eta herritarrekin lan egiteko eta herritarrei protagonismoa emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak