Horrela, 24 batu arte, eta guztien xehetasunak jakiteko eta ikusteko aukera egongo da urriaren 5etik 7ra bitartean, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza fakultatearen eraikinean, Oñatin. Han, proiektuetako lau aurkeztu egingo dituzte, proiektuen gaineko panelen erakusketa egongo da eta gainera, hilaren 7an, inbertitzaileen azoka egingo dute, asmatzaile gazteek proiektua egia bihurtzeko bultzada bat jaso dezaten. Egunotan, Arrasateko Kulturaten egon da erakusketa hori.
Kimu Berri programa publiko-pribatu bat da, Debagoienean ekintzailetasuna lantzeko eta bultzatzeko helburuarekin, honako arlo zehatzetan: gazteria, aisialdia eta kirola. Honakoek sustatzen dute: Mondragon Unibertsitateak, Saiolanek, Athlonek, Iseak eta Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Agentziak.
Finlandian sortu zen ideia
Aritz Pagolak eta lagun batzuek Finlandian izan zuten euren proiektuaren ideia: bizikletak garbitzeko makina. Honela azaldu zuen Aritzek Arrasate Irratian: "Elurrarekin, garbiketa falta zegoen, eta bizikletak herdoildu egiten ziren, kateetako koipea azkar joaten zen… Hor behar bat zegoela pentsatu genuen: ez zegoela bizikleta garbitzen duen makinarik". Ideia hori garatuta sortu zuen Bikewasher delako proiektua Enpresagintzako LEINN graduko ikasle horiek.

Ekiten proiektu lehiaketan 1. saria irabazi zuten horrekin, eta aurreikuspen onak dituzte: "Bartzelonako enpresa batekin harremanetan gaude, eta prototipoa lantzen gabiltza".
Prototipoa ia bukatuta duen beste talde bat Antton Peña aramaioarrarena da. Industria Diseinuko eta Produktu Garapenerako Ingeniaritzako ikasle talde batek egin zuen. Igex izeneko gailuaren proiektua aurkeztu zuten Kimu Berrira, eta prototipoa egiten ibili dira egunotan. Gazteriak Internetekiko duen "lotura", gazteek "kalera begira zituzten ekintzen" protagonismo galera eta kostaren "masifikazioa" aintzat hartuta, "ur-garraio berritzailea" izan nahi du Igex-ek.
Sare sozialak esplotatuz
Kimu Berrin aurkeztutako beste proiektu bat, Ekiten lehiaketan sariduna –3. saria, kasu honetan–, Informatika Ingeniaritza ikasle talde batek egin duen Whoru izenekoa da. Taldeko partaide Alex Salorrek azaltzen digu zertan datzan eta zelan bururatu zitzaien: "Telefonorako sare sozial bat da Whoru. Klaserako proiektu bat egin behar genuen, gai librearekin, eta pentsatzen hasi ginen zelan egin, teknologia berriekin, oraindik ez zegoen zerbait".

Egileen esanetan, Whoru-rekin, sare sozialen orain arteko aukerak zabaldu egingo dira: "Zure inguruan topatu nahi duzuna edozein unetan topatu ahal izango duzu. Lagunekin berba egin ahal izango duzu, eta une oro non dauden jakin. Gurutzatzen zaren erabiltzaileekin harremanetan jarri ahal izango zara, eta zure zaletasun berberak dituzten pertsonak ezagutu".
Badago bi proiektu ere egin dituenak, Jon Padilla ikaslea bezala. Informatika Ingeniaritza ikasle horrek geolokalizazio proiektu baten (Team-up) eta mendi-martxen inguruko sare sozial bat sortzeko beste baten (Changoo) parte hartu du.

Bigarren horren gaineko panela izango da ikusgai Oñatin. "Sare sozial horrekin, mendi martxak lagunekin partekatu ahal izango dira", azaltzen du Padillak. Ibilbideak jaitsi eta GPS edo smartphone bidez haiek egiteko aukera ere ematen du.
Etorkizunerako proiektu horiek guztiek, orain, interesdun enpresa ausarten laguntza beharko dute egia bihurtzeko.
Aurkeztutako proiektu batzuk hauek dira:
Igex. Ur-garraio berritzailea da. Kirola toki berrietan egiteko aukera emango du. Bere bateriadun turbina elektrikoak zaratarik gabe martxan aritzeko gai dira.

Glob. Urpekariendako ur-azpiko egoitza da. Goialdeko hoditik sartzen da, egongela dauka, ibilbideei buruzko informazioa ematen du eta oxigeno bonbonak dauzka.

Nahi. Portutik bezala salto egiteko plataforma. Bi gune ditu: baten, salto lehiaketa egiteko aukera egongo da; bestean, erlaxatzeko aukera, jacuzzi integratuarekin.

Oxy. Kostako klimaren eta itsasoaren gaineko informazioa eman, igerilariak elkarrekin konektatu eta larrialdietan laguntza lortzeko bidea emango du Oxy-k.

Xurf. Surflariendako belarritaerako tapoi bereziak dira. Otitis arazoak ekiditeaz gain, surflaria bere telefonora eta sare sozialetara komunikatuta egongo da, besteak beste. izango du eta etorkizunean gazteek informazioa jaso eta bidaltzeko izango duten nahia aseko da. Gainera, musika entzuteko aukera ere bai, uretan dauden bitartean.
