Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua Beatriz Mato Galiziako Xuntako Lan eta Ongizate sailburuarekin bildu zen domekan, bi erkidego horietan garatzen ari diren gizarte- eta enplegu-zerbitzuen eredua elkarrekin aztertzeko.
Bilera horretan, Euskal Administrazioaren aldetik izan ziren, baita ere, Alfonso Gurpegui Gizarte Gaietako sailburuordea eta Javier Ruiz, Plangintza eta Enplegukoa. Galiziarren aldetik, bestalde, Coro Piñeiro Mendekotasun eta Autonomia Pertsonaleko zuzendaria eta Andrés Hermida, Sustapen eta Enplegukoa.
Gizarte-gaien arloan, bi ordezkaritzek hainbat gai aztertu zituzten, besteak beste: Euskadin garatu den telelaguntza-eredua; gizarte-zerbitzuen karta; familia‑bitartekotza ez-judiziala; eta Mendekotasunari buruzko Legearen kudeaketa.
Enpleguaren arloari dagokionez, une hauetan Eusko Legebiltzarra Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen erreforma amaitzen ari da. Horren bitartez, 2012ko urtarriletik aurrera Lanbide izango da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko espedienteen kudeatzaile bakarra. Helburua errenta horien hartzaileak lan-munduarekin lotzea da. Horrez gain, enplegu-politika aktiboak ere aztertu ziren; izan ere, eskumen hori aurtengo urtarrilean eskuratu baitzuen Euskadik.