Espainiako Koroia "herri honen ukazioaren erakusle" delako ez dira joan eguerdiko ekitaldira Bilduko agintariak. Iluntzean, beste ekitaldi bat izango da, eta horretan bai izango dira Gipuzkoako eta Donostiako agintari nagusiak. Izan ere, Espainiako printze-printzesa ez baitira han izango.
Basque Culinary Center izango da ikertegi eta berrikuntzarako zentroa edukiko duen munduko Gastronomia Zientzien fakultate bakarra. Donostian dago kokatuta, Miramonen, eta Mondragon Unibertsitateak kudeatuko du. BCC Patronatuko kide dira hainbat erakunde publiko, goi mailako sukaldari eta enpresa pribatu; horien artean, Fagor Taldea eta Eroski. Baita Mondragon Unibertsitatea.
MUren fakultate berria
MUren hezkuntza eskaintzan sartzen da. Hala, gaur egungo hiru fakultateei, Goi Eskola Politeknikoa (Arrasate), Enpresagintza (Oñati) eta Humanitate eta Zientzien Fakultatea (Huhezi, Eskoriatza), orain beste hau gehitu zaio.
Joxe Mari Aizegak, duela gutxira arte MUko errektore orde izan denak, gidatuko du fakultate berria, hura izango da-eta zuzendaria. Josu Zabala MUko errektorea izango da patronatuko presidentea.
320ren artetik 56 aukeratu
Bologna Europako Unibertsitate ereduarekin bat egingo du BCC fakultateak, hasiera hasieratik. Urriaren 2an hasiko dute ikasturtea 56 ikasleek. Erdiak Euskal Herrikoak dira eta gainerakoak munduko beste bazter batzuetatik etorriak. 320ren artetik aukeratu dituzte 56 ikasle horiek.
Bihar 'Goiena Magazinea'-n
Basque Culinary Center berbeta gai izango dute bihar Goiena Magazinea-n 19:45etik aurrera. Joxe Mari Aizega zuzendaria elkarrizketatuko dute eta gaurko inaugurazio ekitaldian parte hartu duten beste hainbaten testigantzak jasoko dituzte.