Ze berbarekin definituko zenuke aurtengo Zinemaldia?
Estresantea. Film gehiegi eduki ditugu.
Gehien gustatu zaizun Zinemaldiko pelikula?
Ezingo nuke bat bakarra aipatu; asko izan dira. Et maintenant on va ou, esate baterako, oso film ona da, berezia, zinetik beste aurpegi batekin irteten zaren horietako bat. Baina film on asko egon da: Arrugas, Silver Tongues...
Eta gutxien gustatu zaizuna?
Zaila da horri erantzutea, baina Amen ez zait batere gustatu.
Bluff nagusia edo ustea ustel bihurtu dena? Porrotik handiena?
Nire ustez, Amen. Hala ere, ez nuke porrot hitza aipatuko, baina Kim Ki-dukek ez du film on bat ekarri. Primavera, verano, otoño, invierno, primavera edo Hierro 13-ren ostean, Amen filmak ez du mailarik ematen. Presaka eta ia gidoirik gabe egina dagoen luzemetrai baten itxura dauka.
Zinemaldi honetako izar nagusia?
Bi: Glenn Close eta Michael Fassbender.
Ustekaberik atseginena?
Americano. Mathie, bere aitaren ibilbidea jarraitzea erabakitzeagatik eta ibilbide hori ondo egiteagatik.
Gustura zaude epaimahaiaren erabakiarekin?
Ez. Urteroko gauza da. Baina, nire ustez, Isaki Lacuestari emandako Urrezko Maskorra ulergaitza da. Zuzendariak behin eta berriro gaineratu du, zinemaldi batean prentsak gauza gehiegi egin behar dituenez, ez duela bere filma ulertu, baina kanpoan erraz ulertuko dutela. Nire ustez, ez du astebete egingo zinema aretoetan. Baina, tira, epaimahaiaren erabakia onartu behar.
Ze nota jarriko zenieke, oro har, Zinemaldian estreinatu diren euskarazko filmei?
Oso altua. Hitzarekin genituen konplexuak geroago eta txikiagoak dira. Nire ustez hizkuntza batek ezin ditu konplexuak eduki eta edozein gai eta genero euskaraz lantzeko gai direla erakutsi dute zenbait zuzendarik.
Hiruretatik onena edo gehien gustatu zaizuna?
Bertsolari Asier Altunaren dokumentalarekin gelditu naiz. Etxekoa delako eta nik gustuko ez dudan mundu bat erakutsi didalako.
Zinemaldiko txutxu-mutxu nagusia, hau da, zer komentatu da Zinemaldia jarraitu dutenen artean?
Egia nahi duzue? Donostian gehien komentatzen dena Fassbender da. Miguel Angel Silvestreren aurretik, bera izan da komentario gehienak piztu dituena. Shame filma ikusi ostean ulertuko duzue. Dena den, erantzuna dezente xamurra egin dut. Gure arteko komentario gehienek 4 erronbo baino gehiago dituzte-eta.
Zerbait falta izan zaio aurtengo Zinemaldiari?
Izar gehiago eta hamargarren eguna. Egun bateko aldea egotean batzuetan lana pilatzen zaizu.
Eta zerbait soberan egon da?
Ezer ez, baina Sail ofizialean film gutxiago eduki ezkero, gehiago gozatuko genuke. Aurtengo Zabaltegik oso itxura ona izan du eta kosta egiten zen bien artean aukeratu beharra.
Zer da Zinemaldiko onena?
Lagunekin elkartzea. Eguneko 4-5 pelikula ikusi ostean, ardo eta pintxo batzuen aurrean eztabaidan ibiltzea. Prentsako kideen artean oso harreman ona dago. Nik hori azpimarratuko nuke.
Jarraian duzue Imanol Gallegok, gaur, astelehena, Arrasate Irratian aurtengo Zinemaldiaz egin duen azkeneko konexioa entzungai.