74 haur Arrasaten dagoen umeen obesitate eta nutrizio klinikan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko irailaren 24a

Otsailean beteko dira bi urte Osakidetzak Arrasateko klinika zabaldu zuela.

Gizarte aurreratuetako epidemia bat da haur loditasuna. Tratamendu oso zaila dauka, izan ere umeen elikadura ohiturak aldatzea eskatzen du. “Gehienbat gurasoen bidez jasotzen dituzte elikadura ohitura txar horiek”, dio Arrasateko klinikako dietista Laura Alutizek.

Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzua da Arrasateko loditasun klinika eta uneotan 74 haur artatzen dituzte bertan; “4-14 urte bitarteko neska-mutikoak dira eta pediatrak guregana bidalita iristen zaizkigu”, azaldu du Alutizek. Hala, errutinazko kontrol batean pediatra konturatzen bada ume bat pertzentiletatik irten egiten dela erabaki dezake programa horretan sartzea.

Jarraipen zorrotza

Umea programan onartua denean azterketa sakon bat egiten zaio. Neurriak hartzen zaizkio eta, besteak beste, gantz-konpartimentua neurtzen zaio. Gurasoei, bestalde, umeak jaten duen guztia apuntatzeko eskatzen zaie, baita egiten duen ariketa fisikoa ere. Informazio hori guztia klinikako dietistarengana iristen da, eta horrek dieta pertsonalizatu bat prestatzen du umearendako. “Argaltzea baino elikadura ohitura onak erakustea da gure helburua”, dio Alutizek. “Umeari ez diogu sekula dieta hitza aipatzen”.

Pediatrak egiten du programaren jarraipena. Umeak hilero egiten dio bisita eta neurketa guztiak egin ostean konturatzen bada gantz-konpartimentua ez dela behar beste jaisten umea klinikara itzultzen da. Bertan gurasoekin batzartu ostean arazoa zein den identifikatzen saiatzen dira eta beharrezkoa bada dietistak dieta berria ipintzen diote.

Familia osoaren konpromisoa

Familia osoaren esku-hartzea ezinbestekoa da; umeek gurasoengandik hartzen dituzte elikadura ohitura onak zein txarrak. Epe luzeko tratamendua da, baina umearen osasuna dago jokoan. Laburpen gisa, adituek gozokiak neurtzeko, barazki, leka eta fruitu gehiago eskaintzeko eta jarduera fisikoa egiteko ohitura erakusteko gomendatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak