Gipuzkoako Ganberak eta Kutxak lankidetza akordioa sinatu dute oraingo astean, eta horren bidez bi finantzaketa formula edo lerro berezi Gipuzkoako enpresen eskura jartzearren. Lerro horietako lehena 70 milioi euroz dago hornituta, eta kanpoko komertzializazioari laguntza eta finantzaketa ematera bideratuta dago. Bigarrena, kanpoan ezartzeko proiektuen finantzaketari laguntzera bideratua bera, 30 milioi euroz dago hornituta.
Gainera, Kutxak jakinarazi duenez, konpromiso hori laster osatuko da Kutxak enpresen esku ipiniko dituen beste baliabide batzuekin: esaterako, bakar-bakarrik enpresentzako zerbitzuan arituko diren 10 bulego, gipuzkoar enpresa handientzako zerbitzu espezifiko bat, proiektu korporatiboan zerbitzua (ondorengotzak, bategiteak eta erosketak, egituraketak, sindikazioak, etab.), zuzendari eta enpresarientzako zerbitzu pertsonalizatua, banka pribatua eta banka pertsonala, eta baita beste 124 bulego unibertsal ere.
"Nazioarteko ekintzak dira lehentasuna"
Kutxaren esanetan, "egungoa bezalako koiuntura ekonomiko batean, Gipuzkoako enpresa-ehunarentzako ohiko merkatuak beherakada garrantzitsuak jasaten ari direla edo errekuperazio prozesu motel batean sartuta daudela, argi eta garbi ikusten da enpresek nazioartekotzeko ekintzak garatzea dela lehentasuna", eta horri lagundu nahian egin du Gipuzkoako Ganberarekin hitzarmena.