1. Nahikoa atseden hartu duzu pregoilari lanak amaitu zenituenetik?
Hartu dut atseden eta hasi naiz lanean. Baina poza ez zait kendu, nire bizitzako aste politenetakoa izan da. Neure burua aurkitu dut berriz; lehengo Kirmen.
2. Zerk ilusio gehiago: pregoilari izateko deitu izanak ala Literaturako Sari Nazionalak?
Amari, etxekoei, pregoilari izateak! Niri biek; sari ezberdinak dira: bata literatur lanari egindako aitortza da; bestea, nire ustez politagoa, Bilboko hiriak egindako aitortza.
3. Eta zer suposatu zuen zuretzat Literaturako Sari nazionalak?
Gazi-gozoa izan zen: ateak zabaldu dizkit, baina baita kezkak eman ere. Ez dut nahi beste sari batzuen gainetik egotea; adibidez, Estatu Batuetan olerki liburua argitaratzea, garrantzitsuagoa izan da.
4. Zein puntura arte sentitzen zara euskal letren enbaxadore?
Hori gauza handia esatea da! Nahiko nuke kanpoan dabiltzan euskal idazleak bat edo bi beharrean, talde bat izatea. Loraldi bat bizi dugu eta gustatuko litzaidake bat baino gehiago ateratzea atzerrira.
5. Euskarazko letrek, ematen al dute bankuarenak ordaintzeko?
Ematen dute; aberats izateko ez, baina bai zoriontsu izateko. Ikasi behar dugu diru apur batekin pozik bizitzen; XXI. mendeak hori ekarriko du.
6. Literatura hainbat formatutan landu duzu. Beti dago berritzaile izaterik?
Ez dago norbere burua errepikatzea baino gauza okerragorik. Irakurlearekiko errespetuagatik liburu bakoitzean gauza berriak kontatu eta egiten saiatzen naiz, nahiz eta nire estilo hori izan.
7. Eta nolakoa da zure hitzak kamiseta baten irakurtzea?
Ederra! Kukuxumusuko Mikel Urmenetarekin egindako proiektua izan zen. Gainera kamisetan barrutik dator olerkia: kendu egin behar da irakurtzeko, horrek esan nahi duen guztiarekin.
8. Zer geratzen da musika taldeentzat letrak idazten hasi zen Kirmen hartaz?
Geratzen da zerbait! Hasteko, rock alternatiboarekiko zaletasuna; oporretan ume txikiarekin Lou Reed ikustera joan ginen! Nerabe puntu hori ere geratzen da, puntu inozo hori, puntu idealista.
9. Pasa zitzaizun burutik aita bezala arrantzale izatea?
Bai, baina aitak ez zuen nahi. Arrantzale izaera baina, erabatekoa dut: abenturazalea izan eta egunean bizitzea, ekaitzei aurre egitea... Baita bizizalea izatea ere!
10. Bilbotik New Yorkera eraman gintuzun. Beste bidaia bat proposatzekotan...
Euskal Herrian barna.: Nafarroa, Iparraldea, Lea-Artibai... Oinez egiteko bidaia, edo bizikletan.
-------------------------
Lehendakaria banintz: "Euskal errepublikaren aldeko aldarria egingo nuke; gero ikusiko genuke zer gertatzen den! Behintzat alderdi guztiak bilduko nituzke, ea akordio batera heltzen garen. Indar handia jarriko nuke babes sozialean. Euskararen alde ere egingo nuke. Eta urreko lehendakaria izaten saiatuko nintzateke, garrantzitsua da hori".