Batzar Nagusiek erabaki dute ez jartzea bidesaririk Etxegaraten

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko irailaren 22a

Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu zuten atzo ez jartzea bidesaririk kamioiendako Etxegaraten. Bildu, PP eta Aralarren botoek atzera bota zuten aurreko agintaldian EAJ, H1! Eta PSE-EEk onartu zuten foru araua Etxegaraten bidesaria ipintzeko. Arau horrek aurreikusten zuen datorren urtetik aurrera N-1 errepidean ibilgailu astunei bidesaria kobratzea.

Aurreko agintaldian foru gobernuan zeudenen argumentua zen, N-1 errepidea Europa zeharkatzen duen bide nagusietakoa izanik, Gipuzkoako errepideen mantenu egokirako, ezinbestekoa zela bidesaria ezartzea. Bidesaria, kamoi astunendako. Oraingo foru gobernua, PP eta Aralar ez dira iritzi berekoak, eta une honetan gehiengoa dutenez Batzar Nagusietan, atzera bota zuten atzo foru arau hori.

Zubietako errauskailuaren alde

Bestalde, aurreko agintalditik indarrean dagoen zaborren kudeaketaren gaineko planari eta, ondorioz, Zubietan errauskailua eraikitzeari, bultzada eman zien Batzar Nagusiek. EAJk eta PSE-EEk aurkeztu zuten horren gaineko proposamena Batzar Nagusietan eta haien botoiei PPkoak batu ziren; honenbestez, aurrera atera zen proposamena.

Bilduk errauskailuaren aurkako iritzia du. Eta hura eraikitzea atzeratzea da Gipuzkoako foru gobernuaren postura. Gaiaren gainean eztabaidatu eta azken erabaki bat hartzeko moratoria planteatzen du. Bilduk, oraingoz, halere, ez du aurkeztu Gipuzkoan zaborren kudeaketarako alternatibarik. Edozelan ere, Gipuzkoako herri batzuetan, horien artean Antzuola, ezarri den atez ateko sistemak emaitza onak lortzen diharduela adierazi zuen Bilduko ordezkariak atzo Batzar Nagusietan.

AHT, "ezinbestekoa"

Horretaz gain, Abiadura Handiko Trenaren aldeko proposamen bat ere onartu zuten Batzar Nagusiek EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Alderdi hauen iritziz, Abiadura Handiko Trena "ezinbestekoa" da Gipuzkoarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak