Urriaren 8an, zapatua, izango da Arrasate-Oñati lasterketa eta Arrasateko Portaloitik aterako dira parte hartzaileak; arratsaldeko 17:00etan irtengo dira patinatzaileak eta 10 minutu geroago korrikalariak.
Eman izena
Aurten izena emateko bide bakarra dago; Internet bidez apuntatu behar da helbide honetan.
Dagoeneko jendea hasi da izena ematen eta antolatzaileek esan digute patinatzaileen lasterketak harrera oso ona izan duela; 125 patinatzailerendako lekua dago printzipioz eta dagoeneko erdiak baino gehiagok eman dute izena.
Korrikalariei dagokienez, aurreko urtean 340 lagun animatu ziren eta antolatzaileek espero dute aurten ere kopuru horren bueltan ibiltzea.
Prezioa
Guztiek lasterketan parte hartzeagatik ordaindu egin beharko dute, urtero moduan; euren txipa duten korrikalariek 13 euro eta txipik ez dutenek 15.
Autobusa Oñatitik Arrasatera
Horrez gain, gogorarazi dute irteera eta helmuga lekua herri desberdinetan daudenez, parte hartzaileei errazte aldera, autobusa jarriko dutela Oñatitik Arrasatera; lasterketa hasi baino ordubete lehenago egongo da autobusa. Eta erabiltzen dutenek, 2 euro gehiago ordaindu beharko dute.
Sariak oparitan
Sariak oparitan izango dira, aurreko urteetan bezala, eta azkenik, antolatzaileek korrikalari eta patinatzaileei lasterketan parte hartzeko deia egin nahi izan diete.