2011ko abuztua euskal turismoaren historiako hilabeterik onena izan zen

Leire Kortabarria 2011ko irailaren 21a

Eustaten datuen arabera, joan den hilean 267.145 bidaiari iritsi ziren Euskadiko hoteletara, Euskadiko tope historikoa (2010ean baino % 0,4 gehiago).

Debagoienean ere, hilabete bikaina izan zen: Oñatiko turismo bulegoan 4.066 bisitari izan zituzten, iazko abuztuan baino 1.295 gehiago, eta 553 bisita gidatu gehiago egin zituzten.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur emandako datuen arabera, joan den hilabetean 267.145 bidaiari iritsi ziren Euskadiko hoteletara, 2010eko abuztuan baino %0,4 gehiago; orain arte zifra hori zen tope historikoa bisitarien sarrerari dagokionez. Gaualdi kopurua ere orain arteko onena izan da: aurtengo abuztuan, 579.332 gaualdi izan ziren.

Azken 26 hilabeteetan, Euskadiko turismoa hazi egin da, eta 2011. urteari dagokionez, lehenengo zortzi hilabeteetan %5,8 igo da turisten sarrera kopurua eta %7,1 gaualdi kopurua.

Turismo Sailaren esanetan, "atzerriko turismoaren portaera hobea da, turismo nazionala baino gehiago ari baita igotzen aurten. Sarrerei dagokienez, %6,3ko igoera izan da, eta gaualdi kopuruari dagokionez, berriz, %9,8koa. Bestalde, Estatuko bisitarien sarrera kopurua %5,6 igo da, eta gaualdi kopurua, berriz, %5,9".

Euskadi, "esperientzia-destinoa"

Turismo Sailaren esanetan, "Eusko Jaurlaritzak 20 esperientzia baino gehiago abiarazi izanarekin uztartzen dira datu bikain horiek", eta esperientzia horiek gaur aurkeztuko ditu Turismoko zuzendari Isabel Muelak Ordizian.

Euskal Turismoaren 2010-2013 aldiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren aurkezpenaren ondoren, ekimen horiek abiarazi dira turistei elementu erakargarri berriak eskaintzeko, eta bisitari guztien eskura daude Eusko Jaurlaritzaren www.euskaditurismo.net turismo-atarian. "Ekimen horiekin, bisitarien eskari berrietara egokitzen da eskaintza, paisaiak ikuste eta ibilbideak egite hutsa baino zerbait gehiago bilatzen baitute bisitariek, Euskadiko hainbat leku eta bizimodu hurbiletik ezagutzeko asmoarekin. Helburua bisitatzen gaituenaren leialtzea handitzea da", esaten du Turismo Sailak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak