500 argazki baino gehiago udako argazki lehiaketan

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko irailaren 20a

Iaz baino lehiakide gehiago aurkeztu dira aurtengo Goienaren udako argazki lehiaketara. 157 lagunek hartu dute parte, iaz baino 29 gehiagok, eta guztira 538 argazki aurkeztu dituzte.

Argazki horiek munduko toki ezberdinetan ateratakoak dira, gainera: Euskal Herriko bazterrak, hango eta hemengo hondartzak, Europako herrialdeak eta Afrika zein Asiako txokoak ageri dira erretratuetan. Zehazki, Kenia eta Hego-ekialdeko Asiako herrialdeak ageri dira aurtengo argazki askotan.

Irabazleak, urriaren 3an

Argazki horiek epaimahaikideen eskuetan daude orain eta eurek erabakiko dute zeintzuk diren hiru argazki onenak. Lehiaketara aurkeztutako argazkiak argitaratuko dira Goiena paperean astero eta Goiena.net-en horretarako propio irekitako blogean. Urriaren 3ko paperekoan argitaratuko dira azkeneko argazkiak eta egun horretan aditzera emango dute irabazleak.

Hiru sari potolo daude aurten: lehena, Panasonic argazki kamera bikaina eta argazkilaritza ikastaro baterako %50eko deskontu bonoa, Bergarako KB PhotoEstudio argazki dendak emana; bigarrena, astebukaera pasa bi lagunendako Kantabrian, Arrasate Bidaiak-ek emana; hirugarrena, berriz, bi lagunendako Gure Ametsa jatetxean bazkari edo afaria.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak