Gripearen kontrako kanpaina abian da

Mirian Biteri 2011ko irailaren 19a

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina iritsi da udazkenarekin batera. Gaur, astelehena, hasi dira txertoak jartzen, eta urriaren 31ra arte iraungo du kanpainak. Aurreko urteotan bezala, 65 urtetik gorako debagoiendarrei zuzenduta egongo da, eta baita gaitz kronikoren bat duten 65 urtetik beherakoendako ere, hala nola diabetesa edo bihotzeko, birikako edo giltzurruneko gaixotasunen bat dutenendako.

Arrasateko Lehen Mailako Atentzioko Taldeak jakinarazi du anbulatorioan astelehenetik egubakoitzera jarriko dituztela txertoak, aldez aurretik txanda hartuta.

Horretaz gainera, honako zaharren goitzetan ere jarriko dituzte, 12.00etatik 13:00etara bitartean: hilaren 22an, Etxaluze eraikinean; hilaren 23an, Uribarrin; hilaren 26an, Santa Marinan; eta hilaren 27an, Musakolan. Gaineratu dute etxean dauden ezinduak euren mediku edo erizainekin harremanetan jar daitezkeela txertoa etxean jartzeko.

Aramaion, txanda barik

Bestalde, Aramaioko kontsultategitik azaldu dute txertoa jartzeko kontsultategira joan beharra dagoela, astelehenetik egubakoitzera bitartean, 09:00etatik 13:00etara. 65 urtetik gorakoak zuzenean joan daitezkeela azaldu dute, bolanterik gabe. Gainerako herri guztietan txanda hartu behar dela aurretik. Antzuolarrek Bergarako osasun etxera deitu behar dute; txertoa martitzen eta eguenetan jarriko dute han, eguerdian.

Bergaran, astelehenetik egubakoitzera eskainiko dute zerbitzu hori, 10:00etatik 17:00etara; eta Oñatin, aste egunetan, 10:00etatik 16:30era. Elgetan eta Angiozarren medikuaren kontsulta orduetan emango dute horretarako txanda. Azkenik, Aretxabaletan eta Eskoriatzan oraindik zehaztu barik dute ordutegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak