Fagor Ederlanek Range Extender motor berria aurkeztu du Frankfurten

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko irailaren 19a

Bi zilindroko bertsio berria trinko, arin eta eraginkorragoa da, hiriko ibilgailu txikietarako oso egokia.

Frankfurteko Aretoan aurkeztu berri den bi zilindroko motor berria jada Lotus Evora eta Jaguar Limo Green modeloetako hiru zilindrokoa baino askoz trinko eta arinagoa da –%44 gutxiago okupatzen du eta pisua %16 gutxiago da–. Horrenbestez, Fagor Ederlanek eta Lotus Engineeringek oso irtenbide egokia aurkeztu dute hiriko ibilgailuetarako, horietan pisua eta neurria funtsezko ezaugarriak baitira.

Gidaritza elekttriko hutsa

Lotus Fagor Ederlan Range Extender bertsio berria ezin hobea da hiriko ibilgailuetarako, desplazamendu gehienak modu elektriko hutsean egiteko aukera ematen baitu. Proposamenean bi zilindroko eta lau denborako errekuntza motor bat eta Fagor Automation kooperatibak garatutako sorgailu eta bihurgailu bat integratzen dira Horrenbestez, Range Extender modeloak gidaritza elektriko hutsa ahalbidetzen du, ibilgailu elektrikoaren bateriak martxan kargatzen baitira; ondorioz, autonomia ere handitzen da.

"Harrera bikaina" Frankfurten

Lotus Engineeringeko zuzendaria den Mark Jamesen hitzetan, proposamenak "harrera bikaina" izan du automobilaren aretoan, eta mundu osoko autogileen interesa eragin du, ibilgailu elektriko hutsak baino soluzio eraginkorra bilatzen ari baitira kostuari dagokionez, zein autonomia handiagoari dagokionez.

Miguel A. Mateo Fagor Ederlaneko proiektu honen zuzendari komertziala da, eta, adierazi duenez, aurkeztu den Range Extender modeloa “teknologia eta lehiakortasun handiaren arteko oreka dotorea” da. Bezeroek nabarmendu dute soluzio osatu eta trinkoa dela, gaur egungo ibilgailuen arkitekturetan erraz integratzekoa.

Aurkeztu den bertsioarekin Range Extender motorren gama osatzen da, 3 zilindrotan -50 eta 35kW-eko potentziekin- eta 2 zilindrotan -30 eta 20kW- aurkezten baita. Bi motorretan -2 eta 3 zilindro- bertsiorik indartsuena konpresore zentrifugo batez gainelikatzen da. Horrez gain, motorraren arkitektura eta gestio sistema hainbat erregai mota erabiltzeko aukera eskaintzeko diseinatuta daude, petrolioari buruzko mendetasuna murriztuz eta bio-erregaien erabilera ahalbidetuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak