Rodriguezek zehaztu du laguntza horiek lortzeko baldintzak gogortzeak, bereziki erroldatuta egoteko denbora urtebetetik hiru urtera aldatzeak, milaka pertsona babes saretik kanpo utziko dituela.
Diputatuak ohartarazi du, gainera, kopuru hau handitzen joango dela urtez urte, beraz, hiru urtetan bakarrik, Gipuzkoan babesik gabe eta pobrezia egoeran 1.800 lagun geratuko dira, Gizarte Politikarako departamenduak egindako kalkuluaren arabera.
"Txiroen kriminalizazioa dago atzean"
Rodriguezek gogor kritikatu zuen Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailaren eta bere buru Gemma Zabaletaren jarrera: "Zabaletak ez du arrazoi bakar bat bera ere eman baldintzak gogortu eta pertsona hauek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentatik kanpo uzteko. Hala ere, argi dago murrizketa hauen atzean dagoen ideia: txiro eta migranteen kriminalizazio, esklusio eta jazarpena".
Gainera, Gizarte Politikarako diputatuak adierazi zuen "penagarriak" izan zirela Gemma Zabaletak erreforma kritikatu duten gizarte kolektiboen inguruan esandakoak, izan ere, sailburuak inmigrantea "erabili" eta "estigmatizatzea" leporatu zien. "Adierazpen hauek iraingarriak dira. Plataforma hauek ahotsik ez dutenen ahotsa dira eta sailburuak entzun egin beharko lituzke, erreforma honen aurka gauden sindikatu, partidu politiko eta erakundeak entzun beharko lituzkeen bezala".
Rodríguezek gaineratu zuen PSE eta PPk iragarritako ituna "giza eskubideen finkatzean atzerapausoa" suposatzen duela, eta sailburuari gogorarazi dio "pobrezia errotik kentzea betebehar demokratikoa" dela.