Berdinketa UDA eta Bergararen arteko derbian

Edu Mendibil 2011ko irailaren 19a

Bana amaitu da gaurko derbia Ibarran. Garaipena eskuratzeko meritu handiagoak egin ditu etxeko taldeak eta ia-ia garaipena eskuan zutenean, 90. minutuan, Bergarak banakoa egin du Machoren bidez. Aloñak etxean galdu du Ondarroako Aurreraren aurka, 1-3, eta Arrasatek puntu bat eskuratu zuen atzo Trintxerperen aurka, Mojategin husna berdindu ondoren.

Argazki galeria hemen.

Gehiegizko saria eraman du Neka Galanen taldeak gaur Ibarra futbol zelaitik, bergararrek apenas sortu dutelako arriskurik partidu osoan zehar. Berdinketaren aurretik izan dute beste gol aukera bakarra: Igorrek gol  marran bertan urrundu du Ugarte erdilari mahoneroaren burukada.

Aurretik, UDA izan da nagusi. Oxel beteranoek egin du etxekoen gola, 49. minutuan, Lopezi baloia ondo gurutzatuta. Bere lehen partidua zen gaur berarendako Ibarran. Aurretik makina bat taldetan jardundakoa da Oxel, Mondra, Bergara, Lemoa, Ondarroako Aurrera, Gernika eta Beasain tartean. Areako txakur zaharra, gaur erakutsi duen bezala.

Ibaik izan DU 2-0ekoa egiteko aukerarik onena: atezainaren aurrean bakarrik gelditu, baina Lopezek aurrelariaren ezkerkada urruntzea lortu DU. Piruk ere izan du beste aukera on bat eta jokaldi eztabaidagarri bat ere izan da, Eloyk bere atera urrundu eta atezainak marran bertan geratu duenean. Ez zirudien gola. Berdinketarekin UDAkoak etsita eta Bergarakoak, pozik etxera.

Aloñak etxean galdu

Ondarroako Aurrerak partidu ona egin du Azkoagainen eta merezita eskuratu du garaipena. Etxeko taldeak ezer gutxi egin ahal izan du bigarren zatian bizkaitarren erasoko jokaldien aurrean. Jaun eta jabe izan dira Ondarroakoak atsedenaldiaren ondoren. 0-1ekoa 48. minutuan iritsi da eta kontraerasoan beste bi gol egin dituzte. Partiduaren azken minutuetan etorri da Aloñakoen gol bakarra, Asier Ugarteren bidez. Oraindik goiz izan arren, Andoni Askargortaren taldeak orain arte jokatutako bi partiduak galdu ditu. Bisita zaila izango dute asteburuan, Pasaia liderraren etxean jokatuko baitute oñatiarrek.

Lehenbiziko partiduan Beran 1-0 galdu ondoren, Mondrak ligako lehen puntua lortu zuen zapatuan, Mojategin Trintxerperen aurka husna berdinduta. jende dezente batu zen, zale gaztetxo ugari tartean. Hala ere, berdinketarekin konformatu behar izan ziren etxekoak. Golik egin gabe jarraitzen du Igor Rodriguezen taldeak. Hondarribiari bisita egingo diote zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak