Marta Etura eta Barbara Goenaga aktoreen lana izan zen atzo iluntzean egin zen Zinemaldiaren hasiera ofizialeko ekitaldia aurkeztea. Gauza bat aldeko zuten behintzat; biak donostiarrak izanik, etxean jokatzen zutela. Baina agertokian ez ziren bakarrik egon. Ekitaldian emandako filmako protagonista nagusiak ere han izan ziren, baita Juan Carlos Fresnadillo zuzendaria ere. Intruders-ek, suspentsez betetako pelikulak iritzi kontrajarriak eragin zituen: "interesgarria" batzuendako, "tontokeria" bat besteendako.
Epaimahaiko kideak ere, Frances McDormand buru zutela, igo ziren agertokira, eta denek ere, zinema zer den definitu zuten. Ausardia hitza erabili zuten, eta McDormandek berak, "potroak" gehitu zion definizio horri.
Aurpegi ezagun ugari ikusi ahal izan ziren atzoko ekitaldian, bai zinema munduak, baita erakundeetakoak ere. Hala, han izan ziren Martin Garitano ahaldun nagusia, Patxi Lopez lehendakaria eta Angeles Gonzalez Sinde, Espainiako kultura ministroa.
Urbizu eta Ki-duk
Atzoko irekiera ekitaldiaren ostean, gaur hasi dira dagoeneko sail ofizialaren barruan lehiatuko diren lehen bi filmak. Amen eta No habrá paz para los malvados dira gaurko bi pelikula horiek; lehena Kim Ki-duk hegokorearrarena da; bigarren aldiz, Enrique Urbizu bilbotarrarena.
'Bertsolari'
Gaurko eguna berezia izango da gainera, 16:00etan estreinatuko da-eta Bertsolari, Asier Altuna Kixi-ren azken lana, bertso munduan barneratzen den dokumentala. Sail ofizialaren barruan dago lan hau, baina lehiaketatik zain. Kursaalean izango da estreinaldia.