Ofizialki gaueko ekitaldiarekin ekingo zaio gaur 59. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiari; lehen proiekzioak baina, hasi dira dagoeneko. Juan Carlos Fresnadillo zuzendariaren Intruders beldurrezko filma izan da ikusi ahal izan den lehena; sekzio ofizialaren barruan, baina lehiaketatik at.
Pelikulak: denetarik, denendako
Beldurrezko film hori izan da lehena; ehundaka gehiago ere ikusi ahalko dira, sail ezberdinetan banatuta. Hala, Sekzio ofizialeko lehiaketan hamasei film batu dituzte; lehiaketatik kanpo beste lau. Benito Zambrano, Kim Ki-duk edo Arturo Ripstein zuzendari ezagunen azken lanak ikusi ahalko dira bertan; baita Asier Altuna Kixi-ren Bertsolari filma ere. Bihar estreinatuko da bergararraren azken lana, 16:00etan.
Eta ez dira ahaztu behar besteak beste Zabaltegi, Horizontes Latinos, Zinemira eta Made in Spain sailak ere. Sail bereziei dagokienez, hiru izango dira aurten: Jaques Demy zuzendariari, zine txinatarrari eta zinema beltz amerikarrari eskainitakoak, esaterako. Zinemaldiko pelikulak ikusteko gainera, ez da derrigorrez Donostiaraino joan beharrik izango. Hala, irailaren 19an, umeendako Une Vie de chat filma eskainiko dute Arrasaten. Horretaz gainera, urrian zehar Zinemalditik pasatako hainbat film ere eskainiko dira.
Aurtengo izarrak
Aurten Donostiara etorriko diren aktore zerrendari dagokionez, dagoeneko euretako asko bertan daude. Eta ez dira nolanahiko izenak, epaimahaiarekin berarekin hasita. Frances McDormand da epaimahai-burua, Fargo pelikulan egindako lanari esker, etxean Oscar bat duen emakumea. Epaimahaian daude baita ere Guillermo Arriaga gidolari eta zuzendaria (Amores perros, 21 gramos, Babel) eta Alex de la Iglesia (El dia de la bestia, La comunidad, Balada triste de trompeta).
Gure artean daude baita ere Intruders filmeko protagonistak: Clive Owen, besteak beste Hijos de los hombres eta Closer pelikuletan agertzen dena, edo Carice Van Houten, El libro negro pelikulako protagonista.
Donostia Saria, Glenn Closeri
Heltzear dagoena Glenn Close da, aurtengo Donostia Saria. Domekan jasoko du saria, bere filmografiari begiratuz gero, merezimendu osoz emango zaiona. Hala pentsa daiteke besteak beste Atraccion fatal, Las amistades peligrosas, El misterio von Bullow edo 101 dalmatas pelikuletan parte hartu duela aintzat hartzen badugu. Egun Daños y prejuicios telesaileko protagonista bezala ikus dezakegu, eta Donostian, saria jasotzeaz gain bere azken lana aurkeztuko du, Albert Nobbs.
Zinemaldia Interneten
Zinemaldian gertatzen dena bertatik bertara jarraitzeko, antolakuntzak facebook orria eta twitterra ditu martxan. Goienan ere, egunero irekiko diogu lehioa Zinemaldiari, besteak beste Imanol Gallego kazetariak han bertatik bertara jasotakoekin.