Euskadiko parapente akrobatiko txapelketa egingo dute asteburuan Urkulun

Xabier Urtzelai 2011ko irailaren 14a

Eguraldiak laguntzen badu Euskadiko parapente akrobatiko txapelketa egingo dute asteburuan Urkulun. Eguraldi iragarpena ez da ona, eta euriarekin ez dute salto egingo, baina antolatzaileek aurreikusten dute tarteren batean eguraldiak tregoa emango diela, txapelketa egin ahal izateko.

Txapelketako antolatzaile Oscar Fernandezek onartu digu azken orduan egin dutela hitzordua: "Berez Katalunian egin behar genuen Munduko Koparako proba puntuagarria, baina aurrekontu handia behar zenez bertan behera geratu da hitzordua. Hala, proba hori ordezkatzeko Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango den txapelketa egitea erabaki dute Urkulun.
Zapatuan, 11:00etatik 13:00etara egingo dute lehenengo txanda, eta 16:30etik 18:00etara bigarrena. Finalak, berriz, domekan egingo dituzte, 11:00etan hasita: "Zapatuan ezin badugu hegan egin domekan ahaleginduko gara beste txanda bat egiten".

"Modalitate ikusgarria da"
Txapelketan 10-15 pilotu izango dira: "Kurtzebarritik aireratu eta lur hartu aurretik epaileek aurrez ezarritako hainbat ariketa akrobatiko egin beharko ditugu, eta ariketa horiek oso ikusgarriak dira". Txapelketa akrobatikoa egiteko ezinbestekoa izaten da ur gainean egitea: "Segurtasun neurri moduan, erorikoa izanez gero urak babes handiagoa eskaintzen duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak