1. Zertan zenbiltzan duela 10 urte, irailaren 11ren biharamunean?
Ikasten. Pentsatzen dut goizean klasera joan nintzela, gero lanera; egunkari eta albistegi asko ikusi nituen. Ikustean bai izan zen inpaktantea; gero, gure bizitzak nahiko berdin jarraitu du.
2. Izan originala eta esan kazetari elkarrizketatuaren paperean eroso zaudela...
Ez bereziki deseroso. Uste dut galderak egiten dituenak galderei erantzuten jakin behar duela. Dudan arazo bakarra da dena esaten dudala; ez dut ezer gordetzen.
3. Txikitan bere burua gerrako berriemaile ikusten zuenetakoa zara?
Ez, ez; ni gerrara ez noa, nahikoa daukagu hemen! Zergatik kazetari? Nire bertute edo akats bat da kuriositate handikoa naizela, kotilla, eta kazetaritzak sen hori garatzeko aukera eman dit.
4. Zure abizenarekin ezin izan zenion bertsolaritzari uko egin?
Egia da inguruak horretara eraman zuela, baina ez hainbesterako. Bi ahizpa ditut eta ez dira bertsotan aritzen. Inguruari ihes egin ahal zaio.
5. Zer esango luke aitaita Balendinek bertso-kabareta ikusita?
Orduantxe hilko zen! Gero, poztuko zen, baina momentuan sustoa hartuko zuen; ez zen hain modernoa. Niretzat oso urte polita izan zen. Bigarren zatia? Oraingoz, ez.
6. Noiz utziko diote albiste izateari emakumeek bertso munduan egindako lorpenek?
Gizarteak onartzen duenean gizonak eta emakumeak parekoak garela. Gu ez gara irla bat, gizartearekin goaz; tratu txarrak notizia ez direnean, akaso bertsotan egindako lorpenak ere ez dira albiste izango.
7. Bizkaiera irakasten ibilitakoa zara. Euskara batua justua izan da bizkaierarekin?
Ez dut uste oso justua izan denik,;baina batu bat sortzekotan oinarri bat jarri behar da, eta euskalki askok galdu dute zerbait. Baina nork bere euskalkia landu gura duenak hor du ahozkoa.
8. Emakume alai itxura duzu. Zerk eragin dizu azken algara?
Hainbeste barre egiten dut egunero! Atzo gauean iloba eskolan egindakoak kontatzen ibili zen eta sekulako barreak egin nituen.
9. Malkoek behin baino gehiagotan egin dizute ihes agertokian.
Nahiko gardena naiz, erraz egiten dut barre eta negar. Agertokian negar egitea barre egitea baino deserosoagoa da; jendeak ez du ulertzen, negar egiten duzunean tentsioa sortzen da.
10. Nola doaz tarot kontuak? Kontsulta irekitzeko prest?
Oraindik ez, gehiago ikasi behar dut! Eskozian zaletu nintzen; misterioa eta sinbolismoa gustatuz gero, oso erakargarria da.
-------------------------
Lehendakaria banintz: "Herriaren esku utziko nuke Elizaren ondarea. Iruditzen zait beti behartsuen alde eskatzen ari direla, baina eurak direla aberatsik handienak. Dituzten ondareen %99 herriak sortutakoak dira eta herriak kudeatu beharko lituzkeela uste dut".