Eskaintza zabala gertatu dute ikasturte berriari begira: tituluen baliokidetza, HABEren mailetako azterketak, 4. maila, tutoretzak, gazte etorkinak eta hizkuntza errefortzuak, auto-ikaskuntza ikastaroak, euskalkia, hitanoa, AISA ikastaroak eta merkataritza eta ostalaritzari zuzendutako ikastaroak. Berrikuntzen artean, aipatzekoa da Oñatin ere 4. mailako eskolak eskainiko direla aurten.
Bergarako Irizar jauregian egindako aurkezpenean, Leintz euskaltegiko zuzendari Karmele Agirregabiriak nabarmendu zuen bailarako lau euskaltegiok, autonomoak badira ere, elkarlana bultzatu dutela azken urteotan, eta horren ondorioz, aurten, lehen aldiz, Oñatikoak parte hartzen duela ikasturte hasierako ekitaldi horretan.
Bestalde, Oñatiko euskaltegiko zuzendari Roberto Altunak azpimarratu gura izan zuen bailarako udalek "ahalegin berezia" egiten dabiltzala, krisiak krisi, euskara ikasteko samurtasunak emateko behar duen guztiari.
Internet lehiaketa berria
Eskaintza akademikoaz gain, kanpainaren berri ere eman zuten; tartean, aurten, lehen aldiz, egingo duten Internet lehiaketa. Gipuzkoako 21 udal euskaltegiok hartzen dute parte horretan. Astero hiru galdera egingo dituzte www.udaleuskaltegiak.net webgunean, facebook eta twitterren. Hiru asteko iraupena izango du lehiaketak: hain justu, irailaren 26tik urriaren 14ra. Urriaren 25ean jakinaraziko den irabazleak 16 GB eta Wi-fidun iPADa edo urtebeteko matrikula doan lortuko du.