Zergen diru-bilketaren gaineko txostena Interneten ipiniko du hilero Aldundiak

Leire Kortabarria 2011ko irailaren 14a

Hemendik aurrera, zerga itunduen diru-bilketa metatuari buruzko txostena hilaren 13an, hilero kaleratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Interneten. Aldundiak ekonomia gorabeheretan interesa duten herritar guztien esku utzi nahi du informazio hori.

Abuztuko datuak dagoeneko zintzilikatu dituzte. Horiei dagokienez, "azkenaldiko joera negatiboa berresten dute".

Hileko txostena Ogasunaren webgunetik jaits daiteke. Hara ailegatzeko, www.gipuzkoa.net/ogasuna helbidea idatzi behar da helbide-barran.

Estatuak, 68,2 milioi zor

Abuztuan %4,1ekoa izan da txikitzea aurreko urtearekin alderatuta, eta uztailean %3,5ekoa izan zen. "Besteak beste, Rover auziak eta Estatuak kupoaren inguruan izandako jokaerak eragin nabarmena izan dute", baloratzen du Foru Aldundiak.

Faktore horietaz, hauxe azaltzen du txostenak: "Gipuzkoari 68,2 milioi euro jasotzea zegokion uztailean BEZaren eta zerga berezien Estatuarekiko doiketagatik, baina Estatuak ez du kopuru hori ordaindu (desadostasunak daude EAEren eta Estatuaren artean kupoa zehazteko garaian". Bestetik, "Rover auziari buruzko sententziaren ondorioz, EAEk 435 milioi euro itzuli behar dizkio Estatuari. Faktore honek %3,0ko eragina du abuztu arteko zerga-bilketan".

Horrez gain, "ekonomiaren geldotasuna zergabilketan islatzen ari da azken hilabeteetan eta joera negatiboa ikusten da zerga kontzeptu gehienetan", onartzen du Foru Aldundiak. Adibidez, lan etekinen atxikipenak %4,8 handitu da aurreko urtearekin alderatuta, baina datu hau maiatzean %6,3koa zen, ekainean %6,0koa eta uztailean %5,5koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak