Ugartek jakinarazi du Bilduk hasieratik izan duela bidesarien aurkako jarrera eta bide horri jarraituta, Ugartek jakinarazi du ez duela Etxegaraten bidesaririk jarriko.
Ugartek adierazi du Foru Aldundiak diru kontuak eta Bidegiren zorra aztertu dituela eta Bilduk hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoari "eutsiko diola" jakinarazi nahi du. "Bidegik hartutako zorrari aurre egiteko Foru Aldundiko aurreko gobernuak (EAJ, eta H1!) A-8, AP-1 eta Deskargako bidesarien bidez lortutako diru-sarrerak erabiltzea aurreikusi zuen, baina ez, ordea, Etxegarateko bidesarikoak, eta beraz, Bilduk eta Foru Aldundiak bidesaria ez jartzeko asmoari eutsiko diote".
Oharrean argitzen ez bada ere, uler daiteke Bidegiren zorrari aurre egiteko bidesariak erabiliko dituztela: A-8 eta AP-1 autobidekoak orain arte moduan, eta etorkizuneko Beasain-Durango ardatzeko Gipuzkoako zatia, Beasaindik Bergarara artekoa, Deskargan ordainlekua jarriz.
Batzar Nagusien erabakia
Etxegarateko bidesariaren gaia Batzar Nagusiek erabaki behar dute, baina Foru Aldundiak espero du bertan gehiengo nahikoa izatea proiektu hori geldiarazteko eta orain arte bezala Etxegaraten bidesaririk izan ez dadin. PP eta Aralar bidesarien aurka agertu dira eta Bolduko botoekin gehiengo dira Batzar nagusietan.
Alternatibak aztertu
Foru Aldundiak Bidegiren "zorrari aurre egin ahal izateko bideak aztertzen" jarraituko duela esan du Bide Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak.
Foru Aldunditik aurreratu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat eragilerekin bilerak egiten jarraituko du, errepideen gaia aztertzeko. Guitrans sindikatuarekin jada hitzartuta du bilera bat, A-8 Doan taldearekin adostu nahi du eta baita hainbat udalekin ere.