Eusko Legebiltzarrak onartu ondoren, honako neurriak indarrean sartuko dira:
1. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eskuratu nahi dutenek eta Euskadin erroldatuta hiru urte baino gutxiago daramatenek laguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak bete beharko dituzte eta, horretaz gain, lan-bilaketan aktibo izateko konpromisoa agertu beharko dute, alegia, Estatuan gutxienez bost urteko lan-bizitzaren historia egiaztatu beharko dute.
2.DBEaren onuradunek ere gizartearen garapenari lagundu beharko diote, ahal duten neurrian. Horretarako, DBEa eskuratzeko eskubidea egiaztatzen dutenak ez badira lanean ari edo ez badaude prestakuntza programetan sartuta lan-merkaturako trebakuntza optimizatzearren, lan sozialetan jardun beharko dute. Ezohiko lankidetza horren helburua gizarteratzen laguntzea da eta boluntarioen elkarteekin eta GKEekin hitzarmenak eginez gauzatuko da.
3. Inork ezin izango dio enplegu egoki bati uko egin, eta are gutxiago DBEa jasotzen ari bada. Hori dela-eta, prestazioa kenduko zaie lan-eskaintza egoki bati, bakoitzaren ahalbidearen araberako eskaintza bati uko egiten dieten hartzaileei.
4. Soldata txikiak dituzten hainbat langileren kasuan, DBEa soldaten osagarri izaten da; kasu horietan, lan-kontratu bat aurkeztu beharko dute hori guztia egiaztatzeko. Zigorrak ezarriko zaizkie lan-kontraturik sinatu gabe langileak kontratatzen dituzten enplegu-emaileei. Neurri horrekin
batera, Lan Ikuskaritzaren plan bat ere abiaraziko da.
Bertan behera gera dadin
Ander Rodriguez Gizarte Politikarako diputatuak, Gemma Zabaletari erantzunez, lege-proiektuaren guztiz kontrako jarrera azaldu du, eta prozesu hori bertan behera gera dadin eskatu du. Zehazki, DBEa Lanbideren esku uzteko asmoa kritikatu du.
Gaur egun, DBEa eta Etxebizitza-Prestazio Osagarria Foru Aldundiak eta udalek kudeatzen dituzte.
Zabaletak erantzun egin dio Rodriguezi, esanez "DBEren onuradunen etorkizuna enplegua" dela, eta "ez dirulaguntza".