Carlos Ruiz (Kutxa): "Produktu eta zerbitzu katalogo aberatsagoa izango du Kutxako bezeroak"

Leire Kortabarria 2011ko irailaren 12a

Kutxako Gizarte Alorreko eta Komunikazioko zuzendari Carlos Ruizen esanetan, Kutxako bezeroek gestore eta bulego berbera izango dute eta, epe ertainean, aukera gehiago.

Bezeroak aldaketarik igarriko du? Berak zerbait egin beharko du, ala automatikoki bihurtzen da Kutxa Bank-eko bezero? 

Kutxak bere markarekin, nortasunarekin eta konpromisoarekin jarraituko du; bulego berberekin, langile berberekin eta txartel iragarle berberekin. Proiektu honek neutraltasun-printzipioari eusten dio bezeroari dagokionez, baina abantaila nagusi bat ere badu: sarea hazi egingo da, eta handitu egingo da gainera zerbitzu-guneen kopurua, bulegoak nahiz kutxazainak izan.

Gaur egun bezeroaren Kutxako sukurtsala Kutxa Bankena izango da ala beste bulego batera joan beharko du? Eta bere gaur egungo gestoreak jarraituko du berbera izaten, ala beste bat izango du? 

Ez da ezertan ere aldatuko bere gestorearekin eta bulegoarekin duen harremana. Eta epe ertainean, beste bi Kutxek egindako ekarpenarekin aberastutako produktu- eta zerbitzu-katalogoa izango du eskura.

Bezeroak kontratatuta dituen baldintzak, dauzkan produktuak… zerbaitetan aldatuko dira? 

Ez, bezeroek egun dituzten finantza-harremanek ez dute inolako aldaketarik izango.

Aurrezki kutxa bat izatetik banku bat izatera pasako da…

Kutxa ez da banku bat izango, banku bat erabiliko du finantza-negozioa garatzeko tresna gisa, eta Kutxa bera, existituko da aurrerantzean ere bankuaren jabe gisa. Finantza-abaguneari erreparatzen badiogu, jadanik ez dago negozioaren kudeatzaile zuzena den aurrezki kutxarik ia, eta araudi-ingurumari berriak urrats hau eman dezagun eskatzen digu, lehiakorrak eta eraginkorrak izaten jarraitu nahi badugu.

Kutxak zer erabaki-ahalmen izango du Kutxa Bank sortzen denean?

Kutxa Banken % 32ren jabea izango da Kutxa eta gainerako % 68a honela banatuko da: %57 BBKrena izango da eta % 11 Vitalena. Bankuaren erabakiak bere administrazio-kontseiluan hartuko dira, akziodun bakarrak hiru Kutxak izango dira eta bankuak hartuko dituen erabaki estrategikoetarako beharrezkoa izango da gehiengo indartu bat, gaur egun Kutxen jarduera arautzen duena baino askoz zorrotzagoa.

Nola osatuko dira Kutxa Banken zuzendaritza- eta erabaki-organoak? 

Jabeak izango diren Kutxen administrazio-kontseiluen erabakiz; haiek izendatuko dituzte bankuaren administrazio-kontseiluan izango dituzten ordezkariak.

Zer gertatuko da Gizarte Ekintzarekin? Nola gestionatuko da, eta nondik?

Kontzeptuari dagokionez, Gizarte Ekintzaren estrategia eta kudeaketa-irizpideak ez dira ezertan aldatuko, eta Kutxa Fundazioaren bitarteko haren instrumentazioak erabateko balioa izaten jarraituko du. Kutxaren Gizarte Ekintza Kutxak kudeatuko du soilik. Hori bai, baliabide gehiago izango ditugulakoan gaude -Kutxa Bankek lortuko dituen mozkinen hazkunde esponentzial bat espero dugu-, haietatik elikatuko baita Kutxaren Gizarte Ekintza.

Zer esaten diezu datorrenaren beldur direnei?

Gure Lehendakariak behin eta berriz adierazi du hau dela Gipuzkoari balioa emango dion proiektu bakarra, eta beldurrik balego, desagerrarazi nahi dugu gizarteratze-prozesuarekin, integrazio-proiektuaren azalpen gardenenarekin. Eta bai, Kutxaren kaudimen-maila, zorionez, oso altua da; baita BBK eta Vital kutxenak ere. Baina kaudimenak, berez, ez du etorkizuna bermatzen, baina segurtatu egiten du kaudimen- eta neurri-elkarketa, eta horretatik, herrialde-proiektu bati ekin ahal izango diogu. Ez dezagun ahaztu, azken batean, horren alde egiten dugula lan. Eta formula hau da, hain zuzen, gipuzkoarrei balioa eta aberastasuna ematen diena.

Aparteko Batzar Nagusiak fusioa atzera botatzen badu, zer gertatuko da? Zer beste aukera dago? 

Zorrotz aztertu ditugu eskura ditugun aukerak. Erantzukizunetik jokatuta, jakina, B Plan delako bat dei genezakeena ere badugu. Zer esan nahi du horrek? Ibilbide laburra izango lukeen estrategia defentsibo bat izango litzatekeela seguruenez, ez bailitzateke nahikoa izango kaudimen on bat izatea; Kutxak bakarrean izango lukeen neurri txikiak hegoak moztuko lizkiguke.
 
Kutxa Bank banku pribatua ala banku soziala izango da? Bilduk eskatu du ez dadila pribatizatu, hala izango da? 

Hiru Kutxak izango dira bankuaren jabe bakarrak, eta behin eta berriz adierazi dugu horrela izatea nahi dugula, betiko. Bankuaren jabeak dira bere izaera eta norabidea finkatzen dituztenak, eta gure borondatea da Kutxa Bank denon bankua izan dadila, gizartearen bankua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak